Energiaren Kartaren Itunari EZ!

(En castellano AQUÍ)

Hemen EKIri buruzko txostena (Gaztelaniaz)

Campaña no a los Tratados de Comercio e Inversión

Energiaren Kartari buruzko Ituna (EKI) gaurkotzeko bigarren negoziazioaldia hasiko da  uztail honetan. Jende gutxik ezagutzen du ituna, baina gure bizitzetan uste baino eragin handiagoa izango du.

Negoziazioaldi hori dela-eta, 200etik gora eragilek eta gizarte zibileko ordezkarik (akademikok, legelarik eta politikarik, haien izenean) sinatutako gutun bat entregatu genion Estatuko No a los Tratados de Comercio e Inversión kanpainiak Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministroari, Espainia EKItik irten dadila eskatzeko.

Gutun hori urte osoan egongo da irekita, atxikimenduak jasotzen jarraitzeko asmoz. Zure sinadura edo zure kolektibo nahiz eragilearena gehitu nahi baduzu, bidali iezaguzu mezu bat noalttip@gmail.com helbidera.

ESPAINIA ENERGIAREN KARTARI BURUZKO ITUNETIK ATERA DADILA ESKATZEN DUGU

Gutun hau izenpetzen dugun gizarte zibilaren eragileek, sindikatuek eta ordezkari politikoek Espainiako Gobernuari zuzentzen gatzaizkio, Energiaren Kartaren Konferentziako kide den aldetik, Espainiako Erresuma Energiaren Kartaren Itunetik (EKI) atera dadila eskatzeko, datorren ekainean Ituna gaurkotzeko Bruselan egingo den negoziazioaldia hastear dagoenean.

Aparteko legegintza-neurriak eskatzen dituen klima- eta osasun-krisi honen erdian, EKI interes publikorako mehatxu larria dela deritzogu. Izan ere, bateraezina da Parisko Akordioan adostu zen konpromisoarekin, alegia, mende amaierarako tenperatura igoera 1,5 ºC-ra mugatzeko konpromisoarekin. Baina ez horrekin bakarrik: baita bidezko trantsizio energetikoa gauzatzeko beharrezkoak diren politikekin eta politika publikoen ezinbesteko beste neurri batzuekin ere. EKIk arriskuan jartzen ditu Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuan (PNIEC) eta Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko Lege proposamenean sartutako helburuak.

EKI energiaren sektoreko inbertsioak babesteko itun aldeaniztuna da, 1990eko hamarkadaren amaieran sortua. Gaur egun, Europa eta Asiako 53 herrialdek berretsi dute. Akordio erabat asimetrikoa da, energiaren sektoreei eta korporazioei pribilegio handiak ematen dizkiena. EKIk arau ugari ditu, baina bereziki kezkagarriak dira energiaren sektoreko atzerriko inbertsioak babesten dituzten ebazpenak —adibidez, inbertsore-Estatu arteko eztabaidak ebazteko klausulak—. Ebazpen horien bitartez, arbitraje auzitegi pribatuak ezartzen ditu, nazioarteko merkataritza-zuzenbidean adituak diren hiru abokatuz osatuak, eta existitzen diren auzitegi publikoetatik kanpo funtzionatzen dutenak. Prozesu opaku honetan, atzerriko inbertsoreek Estatuak sala ditzakete, Estatuek inbertsoreen interes ekonomikoak kaltetzen dituztenean, eta diru publiko eskerga erreklamatzen.

Hala, bada, energia-iturri fosil eta nuklearrak arian-arian ezabatzera bideratutako legegintza-neurriak ezbaian jartzeko erabiltzen ari da EKI, gero eta gehiago. EKI oztopoa izango da energia berriztagarrietan eta energia-efizientzian inbertsioak egiteari lehentasuna emateko, energiaren ekoizpena kontrol publikoaren pean jartzeko eta pobrezia energetikoarekin amaitzeko neurriak hartzeko.

Egungo klima, ekologia eta gizarte krisian, gutxienez bost arrazoi zerreda ditzakegu, EKI arrisku larria dela egiaztatzeko:

1. Aurrekontu publikoak eta zergadunen dirua arriskuan jartzen ditu EKIk.

Mundu osoan ez da egon merkataritza eta inbertsio akordiorik EKIk bezainbeste inbertsore-Estatu salaketa eragin duenik. Itun honen ISDS auzitegiaren baitan jarritako salaketa kopuru ezaguna 129ra heldu zen 2020ko martxoan. 2019ko amaieran, gobernuak 52 mila milioi dolar ordaintzera kondenatuak izan ziren. Diru kopuru hori mundu osoan elektrizitatea eskuratzeko modurik ez duten pertsonei hornidura emateko urtean behar den inbertsioa da. Espainiako Erresuma da, gaur egun, EKIren baitan salaketa gehien jaso dituen herrialdea: 47 izan dira salaketak; horietatik 16 inbertsorearen alde ebatzi dira dagoeneko, 1046 milioi euro, guztira. Espainiak klima-aldaketaren aurrean ekinbideak gauzatzeko NBEren Funts Berdean sartzera konprometitu duen aurrekontua halako zazpi da zifra hori.

2. EKIk erregai fosilen aldeko inbertsioak babesten ditu, eta ezinbestekoak diren klimaren eta ingurumenaren aldeko ekintza neurriak ezbaian jartzeko erabiltzen da.

Ekoizpen- eta ekonomia-sistemen deskarbonizazioa funtsezkoa da planetaren bizitza —ezagutzen dugun moduan— mehatxatzen duen klima-larrialdiari aurre egiteko; baina energia fosilaren sektorearen inbertsioak (petrolioa, gasa, nuklearra eta ikatza) oso babestuta daude EKIren baitan. Atzerriko inbertsoreek salaketa ugari egin dizkiete EKI sinatu duten Estatuei, ekintza klimatikoen eta ingurumen-babesaren aldeko neurriak hartzearren. Hainbat adibide daude. Duela gutxi, Uniper eta RWE konpainiek hainbat milioi euroko salaketa jarri zieten Herbeherei, 2030erako ikatz zentralak ixteko legea onartu eta gero. 2009an, Suediako Vattenfall multinazionalak 1.400 milioi euroko salaketa jarri zion Alemaniari, ikatz-zentral baten uraren eta biodibertsitatearen kalitatearen babesa arautzeagatik. 2016an, Rockhopper konpainiak Italia salatu zuen, bere kostetan petrolioa erauzteko proiektu berriak debekatzeagatik. 40-50 milioi dolar eskatu zizkion Italiako Estatuari.

3. EKIk energia berriztagarrien sustapena mehatxatzen du.

Arauetan eta legerietan aldaketa handiak eskatzen ditu erregai fosilik izango ez duen eta energia-ekoizpena berriztagarrietan oinarrituko duen planeta bat lortzeko erronka handiak. Arestian aipatutako kasuen aurrekariak kontuan harturik, aurreikus daiteke Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratua (PNIEC) abiarazteak hainbat milioi euroko salaketak ekar ditzakeela klima-neutraltasuna lortzeko legeak ematen dituzten Estatuen aurka. Klima-aldaketa dela-eta oso zaurgarria da Espainia, eta horren beharrezkoa duen trantsizio energetikoa lortzeko oztopo larria izango lirateke salaketa horiek. Espainiako Erresumaren kontra ezagutzen diren salaketen ia erdiak (47tik, 22) gasaren, ikatzaren, petrolioaren edo energia nuklearraren industriarekin loturak dituzten inbertsoreak dira —haien kasuak energia berriztagarrien diru-laguntzei egindako murrizketetan oinarritzen badituzte ere—. EKI apenas ari da enpresa txikien eta berriztagarrien enpresen lagungarri izaten.

4. Energia ordainerraza egitera eta kontrol publikoaren mende jartzera bideratutako neurrien kontra egiteko erabil daiteke EKI.

Ekialdeko Europako hainbat herrialde EKIren baitan salatuak izan dira, energia-konpainien etekin altuak eta elektrizitatearen prezioak kontsumitzaileen alde murrizteko neurriak onartu zituztelako. EKIren xedapenak energia-ekoizpena eta -zerbitzuak jabetza eta kontrol publiko eta demokratikoaren pean jartzeko ekinbideen kontra ere erabil daitezke. Halaber, energiaren sektorean porrot egin duten pribatizazioen efektu negatiboei atzera eragiteko neurrien aurka erabil daitezke. Bereziki kezkagarria da, Espainian familia askok bizi duten pobrezia energetikoaren testuinguruan. 2018an, Espainiako etxebizitzen % 15ean tenperatura desegokiak zeuden, energiaren fakturen ordainketa atzeratu egin zen, edo bi gauzak aldi berean gertatzen ziren. 6,8 milioi pertsona inguru pobrezia energetikoan zeuden, edo pobrezia energetikoa bizitzeko arriskuan. Eurostat-en arabera, Espainiak du Europar Batasuneko elektrizitatearen preziorik altuenetako laugarrena. Espainiako etxebizitzen batez besteko soldata, ordea, EBko batez bestekoaren azpitik dago.

5. EKIren baitako inbertsore eta Estatu arteko arbitrajea Zuzenbide Estatuaren aurkakoa da, eta sistema juridiko nazionalak ahultzen ditu.

Justiziaren eskuragarritasun printzipioaren aurka, EKIk sistema judizial paraleloa eraiki du, botere ekonomiko handieneko eragile sozial batzuek, hau da, atzerriko inbertsoreek, esklusiboki erabil dezaketena. Sobera ezaguna da inbertsore-Estatu arteko gatazkak ebazten dituzten arbitro pribatuek kasu hauekin hainbat milioi euroko ordainsariak jasotzen dituztena. Hartara, interes handia dute EKIren baitako epaiketa kopurua handitzean, interes publikoa gorabehera. Itunaren baitan, arbitroek botere handia dute kontratuaren klausulak interpretatzeko modua erabakitzerakoan, inbertsoreen alde, eta horrek ondorio ikaragarriak dakartza aurrekontu publikoetan. Era berean, edozein sistema demokratikoren oinarrizko independentzia eta publizitate printzipioen kontra, EKIren arbitrajeak erabat sekretuak dira, eta askotan arbitroei dagozkien interes-gatazkak ezkutatzen dituzte —sarritan, enpresa-interesei lotuak—.

Orain arte, EKIren baitako salaketa guztien % 46tan bost bufete handik baino ez dute parte hartu. Onartezina da abokatuen bulegoek, arbitro pribatuek eta inbertsoreek diru-sarrera astronomikoak izatea, interes orokorra eta zergadunen dirua jokoan jartzen dituzten Estatuen kontrako auziei esker. Horren haritik, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2018an Achmea kasuari buruz eman zuen epaian (C-284/16 kasua), argiro arbuiatu zuen EBko Estatu kideen arteko inbertsio-akordio baten arbitraje-klausula, Europar Batasuneko Zuzenbidearen aurkakoa zelako.

Erakunde sinatzaileen eskaerak

Orain arte azaldutakoan oinarriturik, eta EKI gaurkotzeko negoziazioen bigarren aldia hastear dagoela (ekainean), gutun hau sinatzen dugun eragileek uste dugu, egun dagoen moduan, oso aukera gutxi daudela EKIren gaurkotze-prozesuak deskribatutako akatsak konpontzeko. Besteak beste, EBk EKIren negoziazioetara eramango duen manuak ez du aurreikusten erregai fosilen edo nuklearren inbertsioak babesteari utziko zaionik, ISDS arbitrajeak edo inbertsore eta Estatu arteko gatazkak konpontzeko bestelako moduak kanpoan geratuko direnik, ez eta klima-larrialdiari edo ingurumen-narriadurari aurre egitera behartzeko helburuak erantsiko direnik ere.

EBk eta Espainiak klima-larrialdia deklaratu dute, eta klimaren aldeko ekinbideen abangoardian daudela adierazten dute; aldi berean, zentzugabekoa da erregai fosilen inbertsioak babesten dituen itun baten baitan egotea.

Hori dela-eta, eragile eta sindikatu sinatzaileek Espainiako Gobernuari ondokoak gauzatzeko deia egiten diogu:

  • EKItik irtetea, eta haren derogazioa mahairatzea. EKIren 47. artikuluak edozein momentutan itunetik irteteko aukera aurreikusten du. Italia, adibidez, 2016an irten zen. Borondate politikoa baino ez da.
  • Martxan dagoen EKIren gaurkotze-prozesuarekin ez jarraitzea. Izan ere, izango duen irismen mugatua eta tartean dauden hainbat interes-gatazka ikusita, nekez lortuko da klima eta ingurumena errespetatuko dituen itun bat.
  • EKIren zabalkunde geografikoaren prozesua berehala gelditzea, eta atxikimendu gehiagorik ez onartzekoa, gaur egun dagoen moduan.
  • Inbertsore-Estatu arteko gatazken ebazpen-mekanismoak ezabatzeko eskatzea, bai EKIn, bai gaurko nahiz geroko beste akordio batzuetan, dela ISDS, dela ICS edo dela Inbertsioen Auzitegi Aldeaniztuna (MIC).

Tratado sobre la Carta de la Energía
www.tni.org/es/tratado-sobre-carta-energia

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

Blog de WordPress.com.

Subir ↑

A %d blogueros les gusta esto: