Klimaren Goi-bilera guztiak Cristina Enean ospatuko dira

(Iker Aranberri – Cristina Enea Fundazioa)

Orain arte ospatu diren Klimaren Gailur guztiak, 1995ekotik hasi eta azaroan ospatuko den Glasgowkoraino, gaur Cristina Eneako Inguruko Baliabideen Etxean inauguratu den erakusketa berrian daude: Grafika Soziala. Goi-bilera klimatikoak, aktibismo soziala.

Ordena hegemonikoari buruzko ideiak eta jarrera kritikoak edo antagonikoak modu bisualean erakusteko beharrak adierazpen-modu ugari sortu ditu, bai eta adierazpen grafikoetan islatutako sormen-ondare handia ere. Cristina Enea Fundazioak, Glasgown 2021ean egingo den Klimaren Gailurraren testuinguruan, Goi-bilera klimatikoak, aktibismo soziala erakusketa aurkeztu du gaur. Bertan, orain arte egin diren Klimaren Gailur desberdinen garapenean mugimendu sozialek sortutako ekoizpen eta bilakaera grafikoa erakusten da. «Erakusketa honetan 1995az geroztik Klima Gailurretan talde eta aktibista sozialen mobilizazioetarako sortutako grafikoak eta materialak erakusten dira, kartelak eta pankartak, pegatinak, kamiseta eta beste euskarri batzuk», adierazi du Eneko Calvo Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuen arduradunak.

Eneko Calvo: «Erakusketak 200 pieza inguru biltzen ditu, Klimaren Gailurren historiaren grafika eta irudigintzaren isla»

Calvoren hitzetan, bildutako material horiek «ingurumen mugimenduko talde sozialen ondare garrantzitsua sortzen dute, euren historia, kezkak eta borroka aurkezten baitituzte». Protesta eta errebindikazio kontsignak egiteko erabilitako materialak sinpleak diren arren, kartoi zati bat kasu, «mugimendu garrantzitsu bat du atzean, tsunami erraldoi bat sor dezakeen ur tanta txiki bat».

Erakusketaren arduradunaren arabera, erakusketaren helburua da «gizarte-mugimenduak klimaren problematikari heltzeko orduan duen garrantzia eta gizarte zibilak duen eginkizuna erakustea, klimaren aldeko gizarte-mugimendua suspertzea eta atzeraelikatzea», eta gogoeta eta elkarrizketa bultzatzea gizarte-mugimenduetan eta gizarte-mugimenduentzat, Klimaren Goi Bileretako gaiei heltzeko dituzten ikuspegi, tresna eta modu ugarietan.

Martin Mantxo: «Erakusketa hau egindako COP ezberdinen ondorioz mobilizatu diren eragile sozial eta ekintzaile guztiei egindako omenaldia da»

Erakusketaren ekoizpenean, materialen bilketa eginez eta eragile sozialekin koordinatuz, Martin Mantxok hartu du parte, ingurumen borrokan ibilbide luzea duen ekintzaileak, eta erakusketa hau «egindako COP ezberdinen ondorioz mobilizatu diren eta Klimaren aldeko Goi Bilera handi hauen testuingurutik kanpo egunez egun mugitzen jarraitzen duten eragile sozial eta aktibista horiei omenaldia» izan nahi duela adierazi du. Mantxok azaldu duenez, erakusketa hau «memoria berreskuratzeko ariketa bat ere bada, eta jarduera horrek herritarren zati baten espiritua, aldarrikapenak eta nahiak berreskuratzen ditu, agintean dagoen klaseari neurri erreal eta eraginkorrak eskatzen baitizkio gatazken eta ingurumen-arazoen aurka borrokatzeko, hala nola klima-aldaketaren aurka».

Erakusketak 200 pieza inguru ditu, gehienak originalen kopiak eta erreplikak, mundu osoko eragile eta gizarte taldeen lankidetzari eta laguntzari esker bildutakoak. Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean dago ikusgai, irailaren 30etik abenduaren 12ra, ordutegi honetan:

Astelehenetik larunbatera: 9:30etik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara.

Igande eta jai-egunetan: 10:00etatik 13:30era.

Blog de WordPress.com.

Subir ↑

A %d blogueros les gusta esto: