AL DI SUSAREKIN ELKARTASUNA. AHTa EZ DA PASATUKO!
Ekintza honen helburua da Val di Susan AHTaren oposizioaren aurkako etengabeko errepresio polizial eta judiziala salatzea eta oposizio osoari elkartasun mezua bidaltzea, bereziki errepresio hori gehien jasaten ari direnei.
Val di Susa Italiako ipar-mendebaldeko eskualde menditsu bat da, non 90eko hamarkadatik, Alpeak zeharkatuz tunel luzeen bidez Frantziarekin lotuko lukeen abiadura handiko proiektuaren aurkako borroka gogorra gertatzen den. 31 urteko borrokan, hainbat mobilizazio egin dira, proiektuaren ingurumen- zein jendarte-inpaktu handiak eta haren atzean dauden interes ilunak salatzeko.
Val di Susan 120.000 pertsona inguru bizi dira, eta egunero milaka polizia eta militarren jarduerak pairatzen dituzte haranean, militar horietako asko Afganistango inbasiotik datozelarik. Zonaldearen militarizazioa ikaragarria da. Espetxeratzeak, atxiloketak, isunen ezarpena, jazarpena eta oposizio-mugimenduaren kriminalizazioa etengabeak dira. Prozedura judizialak manipulatu eta gaindimentsionatu egiten dira, eta gainerako prozedurak baino askoz ere gehiago bizkortu eta zigortzen dira. Azken urteotan 664 urteko kartzela zigorrak, 790.000 euroko isunak, 5 pertsona kargu publikoetarako gaitasunik gabe utzi dituzte eta 1.000 pertsona baino gehiago ikertu ditu poliziak.
Gaur egungo balantze errepresiboa honako hau da:
– Bi emakume ekintzaile, Dana eta Fabiola, kartzelan daude, bi urteko zigorrak betetzen. Une honetan gose-greban daude beste preso batzuekin, pandemiaren ondorioz bizi behar duten kartzelako baldintza gogorrengatik.
– 6 pertsona etxeko atxilotzea pairatzen ari dira.
– 30-40 pertsona AHTren obrak egiten ari diren udalerrietan sartzea debekatzeko agindua dute.
– Duela gutxi, 2 urte eta 9 hilabete arteko 32 zigor irmo ezarri dira obrak okupatzeagatik, agintaritzaren aurkako atentatuagatik eta erresistentziagatik akusatuta.– Ehunka pertsona epaiketaren zain daude.
Euskal Herritik, AHTaren oposizioaren aurkako jazarpen ororen amaiera exijitzen diogu Italiako gobernuari, eta, aldi berean, AHTak hemen, Italian eta munduko edozein lekutan suposatzen duen proiektu suntsitzaile, xahutzaile eta antisozial hau geldiaraztea eskatzen dugu.
STOP repressione in Val di Susa. Stop TAV.
Dana, Fabiola eta besteak libre!
Responder