Abuztuaren 25etik 27ra burutu zen Abiadura Handiko Trenaren zundaketa berrien aurkako bizikleta martxa bat, Goierri, Sakana eta Lautada zeharkatu zuena. Horren helburua zen herritarrak ohartaraztea zundaketa horiek geldiarazteko beharraz eta eskualde horietako eta gainerako EHko AHTaren aurkakoen arteko harremanak sendotzea. Hemen daukazue haiek egindako kronika.
Azken hilabeteotan, Sakanan eta Goierrin AHTrako zundaketa geologikoak egiteko baimen-eskaera ugari egin dira. Zundaketa horien helburua AHTaren Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a lotzeko bi aukerak aztertzea da: bata, Ezkiorainokoa, Aralarko mendigune osoa zulatuz eta bestea, Gasteizerainokoa, Sakana zein Lautada zeharkatuz. Bata zein bestea justifikaziorik gabeko eraso latzak dira, bai naturarentzat bai herrientzat, ohiko trenaren suntsiketaren beste urrats bat eta diru-xahutze onartezina, are gehiago, kolpatzen gaituen krisi eko-soziala kontuan hartuta.
Zundaketa horiek AHTa eraikitzeko lehen urratsa direla kontuan hartuta, Stop AHT Zundaketak Ekimenak horiek guztiak berehala geldiaraztea aldarrikatzen du, mobilizazio sozialera eta inguruko udalen arbuiatzera deituz. Orain arte salaketa-elkarretaratzeak egin dira, balizko zundaketen kasuan jarduteko protokolo bat zabaldu da eta lehenengo hiru saiakerak geldiaraztea lortu da.
1go Kronika
Abuztuak 25, ostirala: IRURTZUN – ETXARRI ARANATZ – OLAZTI
Azken prestaketen ondoren, azkenean STOP AHT zundaketak martxari hasiera eman zaio Irurtzungo plazan, ekitaldi xume baina hunkigarri baten bidez. Martxaren helburuak ezagutarazi ondoren Aitor Irastortza bertsolariaren doinuek piztu dute suziriaren txinparta 80 txirrindulariren begiradapean. Martxaren parte hartzaile gazteenak zinta moztu ondoren tropela abiatu da. AHTak kaltetuko lituzkeen Etxarren, Ekai, Zuhatzu eta Satrustegin barna igaro ondoren martxa Hiriberrira iritsi da bidean batuz joan diren lagun gehiagorekin batera. Hamaiketako goxoa bertan dastatu ondoren Ihabar igaro eta Irañetako festetatik txirrindulariak pasatu dira, bertakoen txalo zaparrada artean. Jarraian etorri dira Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza eta Arbizu. Herri hauetan aurreko eta hurrengoetan bezala txirrindula martxaren aldarrikapenak jasotzen dituen eskuorria banatu da, zenbaitengan harridura sortuz. Azkenik Etxarri Aranazera iritsi eta herrian barnako ibilbidea osatu ondoren, Karrikestu elkartean parte hartzaileek indarra berreskuratu dute jaki goxoen bidez. Bazkal ondorenean antolakuntza-batzarra egin dute hurrengo egunetako ardurak auzolanen bidez partekatuz.
Bakaiku, Iturmendi eta Urdiainetik igaro ondoren Altsasura AHTaren aurkariak heldu dira “zundaketak gelditu” oihuen artean. Udal plazan txirrindulariek bertako herritarrekin batuz 150 bat laguneko elkarretaratze informatiboa ospatu dute STOP AHT zundaketak ekimeneko partaideen esku hartzeaz. Sakanako eta Goierriko hainbat udaletan zundaketak egiteko eskaera uholdearen berri eman da eta horren aurrean sortu den protokoloa ezagutarazi da. Mikro irekiaren txandan Oarsoaldeko zundaketa esperientzien berri ere eman da. Olaztin egonaldi labur baten ondoren Sakanako zutabeak Lautadako zutabearekin bat egin du. Azken zutabe hau ere oso arrakastatsua izan da elkarretaratze jendetsuak lortuz Durruman eta Araian, azken herri honetan 150 lagun izateraino iritsiz.
Afaldu ondoren Maisuenea gaztetxean Poxpol eta Shiebuya taldeek eskeinitako kontzertuek amaiera burrundatsua eman diote lehen etapari.
2. Kronika
Abuztuak 26, larunbata: OLAZTI – BEASAIN – ATAUN
Atzoko bizipenen ajea astinduta, Olaztitik Altsasu alderako norantza hartu du AHT zundaketen aurkako bizikleta martxak. Altsasun, tren geltokian ohiko trenaren aldeko eta trenari loturiko lanpostuen defentsan elkarretaratze bat egin da trenbideko sindikatuetako ordezkariekin batera. Izan ere AHTaren eraikuntzak ohiko trenaren galera eta horrekin lotutako lanpostuen suntsiketa dakar.
Otzaurteko gaina igarota, euriaren laztan freskoarekin batera, Zegama eta Segura herrietan barna Idiazabalera heldu dira martxalariak. Bertako udalak prestaturiko hamaiketako goxoa dastatu ondoren, AHTaren aurkako tropela Beasaingo elkarretaratzera heldu da.
Bertakoek txalo zaparrada artean hartu dute txirrindularien iritsiera. Bertan, kolektibo deitzaileetako kide banak hitza hartu du zundaketen inguruan aritzeko. Lazkaoko Biziola fabrikan bazkaldu eta gero gaur egun AHTaren aurkako mugimenduak dituen erronken inguruko talde dinamika burutu da. Jarraian Biziola proiektuko kideek Goierrirako ekonomia alternatiba bat sortzeko egiten ari diren bideaz hitzegin dute eta bertatik bertara ezagutzeko aukera egon da. Etaparen azken txanpan bizikleta martxa Ataunera heldu da bertako bizilagunen harrera beroa eskertuz. Afal ondorenean parte hartzaileen eta borroken aurkezpena egin da, ekimen ezberdinen harreman sarea indartu asmoz. Egun betea, dudarik gabe, gaueko orduren baten loak hartu ditu denak hurrengo egunerako indarberritzeko. Bidean, itxaropenaren hazia erein dute lurraren alde.
3. eta azken kronika
Abuztuak 27, igandea: ATAUN – UHARTE ARAKIL – IRURTZUN
Ataungo ikastetxeko pilotalekuan martxalariak armonikaren doinuaz esnatu dira. Suziriaren danbatekoaz batera Lizarrustirako bidea hartu dute euripean, busti ahala laister atertuko zuen itxaropenez, bestalde onartuz azken bero boladen ondoren, lurrak oparitan emaniko freskotasun gozagarria dela. Dena den, blai eginda heldu dira mendatera eta lehendabizikoek dantzari ekin diote berotzearren, gaionontzekoak heldu bitartean. Maldan beherako bidean tropela izozturik zihoan. Lizarragabengoa eta Arbizu pasata, Lakuntzara heldu dira. Txirrindularien dantzek eta kantek bat egin dute herriko jaien giroarekin, eta udalak eskainitako auzate goxoa esker onez dastatu dute. Zilarrezko barkilotan isuritako ardoak eskuz esku eta ahoz aho guztien gogoa suspertu du.

Uharte Arakileko Artzai Egunaren jaia probestuta, zundaketen aurkako elkarretaratzea burutu dute jendeari eskuorriak banatzeaz batera.
Bizikletatik jeitsita herrian zehar AHTren aurkako aldarriak oihukatuz Zamartze abatetxetik aurrera joan dira txirrindulariak, belardietan bazkan ziren behor eta zaldiak troskan jarriz.
Irurtzuneraino jarraitu dio euriak tropelari eta iritsi bezain pronto arropa aldatzeari ekin diote. Pikuxar elkarteak kozinatu bazkari goxoak bukaera ederra eman dio hirugarren eta azken etapari. Bazkal ostean eta kantuen artean AHTaren zundaketak gelditzeko aldarria berretsi dute.
Bizikleta martxa hau oso arrakastatsua izan da parte hartze handia egon delako, eta pertsonen eta kolektiboen artean indartu diren harremanak eta sareak erabakiorrak izan daitezkelako AHTaren zundaketak gelditzeko.
Descubre más desde
Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.
Deja un comentario