(Argazki nagusia: Arabako Mendiak Aske)
(Castellano) (English)
18.000 pertsona inguru elkartu ziren larunbatean Iruñean Aroztegiako proiektuaren aurka egitegatik auzipetutako 7lagunei elkartasuna adierazteko.
Dakizuenez, 7 ekintzaileei 20 urteko espetxe-zigorra eta 56 mila euro eskatzen dizkiete, beharrezkoa ez den eta eragin handiak dituen makro-proiektu baten aurka egiteagatik.
Milaka lagun elkartu dira Iruñean Aroztegiko proiektuan auziperatuei elkartasuna adierazteko
Hauek, besteak beste, dira Sustrai Erakuntzak manifestazioan bat egiteko dauzkaten arrazoiak:
-
- Asmo espekulatibo eta merkantilista duen proiektu suntsitzailea da: 340 biztanleko Lekarozko herrian, 228 familia bakarreko etxebizitza, 4 izarreko luxuzko hotela eta golf zelaia egin nahi dute.
- Proiektu antidemokratiko eta inposatzailea da: herritarren borondatearen kontra egina. Haien iritzia ez da kontuan hartu. Eta, gainera, Nafarroako Gobernuak Baztango udalari eskumenak kendu dizkio. Horretako, UGEP erabili du, udalerriz gaindiko eragina duten planen figura juridikoa.
- Proiektu usurpatzailea da: nekazarien lurrak eta herri lurrak desjabetuak izan dira.
- Palacio de Arozteguia enpresak ilegalki jardun du: 2021ean baimen guztiak eduki gabe eta inpunitate osoz makinak sartu zituzten obrak abiatzeko.
- Palacio de Arozteguia enpresak errepresioa eta zigorraren bidea hartu du lurra defendatu dutenen kontra: herritarrek kanpaldi bat egin zuten obra hauen kontra agertzeko Aroztegiko eremuan bertan. Orain kanpaldi horretan parte hartu zuten 7 lagunek otsailean aste osoko epaiketa izanen dute. Akusazioen artean bortxa eta derrigortze delitu larriak eta talde kriminal izatea daude. Orotara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko zigorra eskatzen zaie.
AROZTEGIKO MANIFESTAZIORAKO KOMUNIKATUA
Arratsalde on denei! Esker mila gaur Iruñera etorri zareten guziei. Momentu hau bide luze honetan Aroztegiko proiektu espekulatzaile eta suntsitzailearen kontrako borrokan bidelagun izan ditugun guziak eskertzeko baliatu nahi dugu. Karriketan, bulegoetan eta etxeetako sukaldeetan gure borrokarekin bat egin duten hamarnaka zahar, heldu eta gazte eskertu nahi ditugu gaur. Baita Euskal Herriko zoko guzietan elkartasun komiteak sortzen, kartelak eta pankartak jartzen zein solasaldiak antolatzen ibili zareten guziak ere. Argi gelditu da herri honen elkartasun eta borrokarako ahalmena eta gogoa! Biba zuek!
Dudarik ez! Eskerrik beroenak eta aitortza eskaini nahi diegu gaur pankarta eramatera etorri diren zenbait kolektibotako ordezkariei ere. Nahiz eta guziak ez diren kabitu, gurekin izan ditugu Euskal Herrian lurraren defentsan urteetan lanean aritu diren herri mugimendu eta eragileen ordezkariak. Gaur, hemen, Aroztegiaren kontrako borroka, kasu isolatu bat ez dela erakutsi dugu.
Zoritxarrez Euskal Herrian Bizkarsoro bezainbat Aroztegia daude, eta horren adibide dira hemen gurekin dauden kolektiboak: Erdiz Bizirik, Ostia!, Araba Bizirik, Guggenheim Urdaibai Stop!, Sustrai Erakuntza, AHT Gelditu, Subflubialik Ez! Milesker denei, elkarrekin eginen dugu bidea!
Dakizuen bezala, Aroztegiko proiektua 350 biztanle dituen Lekarozko herrian egin nahi den hirigintza proiektu espekulatzailea da, non luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 txalet egin nahi diren gure herriko antolaketa, lurra, hizkuntza, mundu ikuskera eta bizimodua zangoz goiti paratuz. Urte luzez lau haizetara hedatu dugu Aroztegikoa borroka anitza eta bakarra dela aldi berean. Hasmentatik herriaren borondatearen gainetik bortxaz eta errepresio bortitzaren bitartez inposatu duten proiektua da. Beraz, herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, herrien burujabetza eta askapenaren aldeko borroka baita.
Gainera, aldaketa klimatikoaren mehatxupean bizi gara. Bizitza sostengatzeko ezinbertzekoak diren ura, lurra, ingurugiroa eta tokiko nekazaritza estentsiboa, defenditzen dugunez, borroka ekologistarekin ere bat egiten dugu. Gure lurrak desjabetu, gure hizkuntza eta kultura desagerrarazi eta gure bizitzak kapitalaren menpe jarri nahi dituzten proiektuen aitzinean, guk, gure kultura, hizkuntza, herri lurrak eta mundu guziak bizitza bizigarriak edukitzea aldarrikatzen dugu. Hortaz, bizitza eta kapitalaren artean bizitza erdigunean jartzen dugunez gure borroka bada feminista, antikapitalista eta antikolonialista ere.
Bizitzaren alde borrokatzeagatik zigortu nahi gaituzte. Gure bazterrak inpunitatez eta lotsarik gabe xehatzen dituzten horiek, kriminalak deitu eta kartzelara bidali nahi gaituzte. Kriminalak gu? Nor da hemen kriminala? Pelotazo urbanistikoa bideratzeko, UGEPa erabili dute, herritarren diru eta lur publikoak bereganatuz. Hau guziaNafarroako Gobernuaren ezinbertzeko konplizitatearekin egin dute. Hori ez aski, eta pelotazoa gaizki atera zaienez, guzion zakutik indemnizazioa eskatzen dute, 43 milioi euro hain zuzen ere eta kasu, zazpi auziperatuei ere eskatzen ahal diete sos hori. Hemen, herritarren bizkar sakelak betetzea da afera. Lotsagarria!

Beren mendeku nahiaren baitan bortxa eta derrigortze delituak eta talde kriminala izatea leporatzen zaie 7 baztandarri. Honek aurrekari arront larria suposatuko lieke Euskal Herriko herri mugimenduei. Badakigu oldarraldi errepresibo hau ez dela Aroztegiko 7 auziperatuen kontrakoa bakarrik. Epaiketa honekin herri mugimendu osoa kriminalizatu nahi dute, horren parean erne gaude! Ez da kasu bakarra, baditugu gaur egun Euskal Herrian egoera honen iduriko adibideak. Hor ditugu Araba Bizirikeko kide batek berriki, mozal legea aplikaturik jaso duen isuna, edota Ostiako kideen kasua. Hemendik, dei egiten dugu otsailaren 11n Baionan izanen duten epaiketara elkartasuna adieraztera joatea. Lurraren defentsa denen afera da, eutsi! Nazioartean ere gero eta gehiago ugaritzen ari dira lurraren defendatzaileen kontrako zigorrak. Gaur bereziki, gogora ekarri nahiko genuke El Salvadorreko Santa Marta komunitateko 5 ekintzaileen kasua, hauek ere, hemendik bi egunera epaiketa bat izanen baitute. Beren kriminalizazioarekin lurraren zaintzaile den komunitate oso bat desmobilizatu nahi dute. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu errepresioa pairatzen ari diren kide hauei guziei.
Oldarraldi errepresibo hau bideratzen ari diren multinazional, instituzio, eta epaitegiei, entzun ezazue: ez gaituzue ez geldituko ezta isilaraziko ere! Gaurkoan argi adierazten dizuegu; batetik, ez dugula sorgin ehiza hau onartuko eta bertzetik, hemen badagoela bere burua defendatzeko prest dagoen herri oso bat. Oldarraldiak oldarraldi, karriketan, mendietan, oihanetan eta etxaldeetan zutik iraunen duen herri bat dago eta egonen da.
Xaloa Telebista
Aroztegiko 7 auzipetuen absoluzioa orain!
Aroztegiko UGEPa gelditu!
Gure amaren etxea defendatuko dugu!
Oharra: Epaiketa maiatzaren 19tik 23ra izanen da.

Descubre más desde
Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.
Deja un comentario