AHT gelditu! (Castellano) (English)
Atzo beste langile bat zendu zen AHTaren lanetan. Honekin 13 langile hilda EHko AHT eraikuntzan. EZ DIRA HERIOTZAK, HILKETAK BAIZIK.
Gogoratu: Lan prekarioak bizitza prekarioa esan nahi du!
Hemen AHT Gelditu! Nafarroako komunikatu osoa:
Atzo, asteartean, beste heriotza bat suertatu zen Euskal Herriko AHTaren obretan, zehazkiago Atxondoko (Bizkaia) Arrazola auzoan. 49 urteko A.H.G. enkofratzailea pieza bat bere gainera erori zenean, odoljario konponezina eragin zion eta horren ondorioz odolustuta hil zen. Conprovial (Constructora Proyectos Viales de Colombia) enpresarentzat egiten zuen lan, DRAGADOS eta TECSA enpresek eratutako ATXONDO-ABADIÑO aldi baterako enpresa-elkarteak azpikontratatua.
Honaino, Osalanek atzo erregistratutako istripuaren irakurketa hotza.
AHT Gelditu! -k egiten duen irakurketa, aldiz, oso bestelakoa da:
Atxondon atzo gertatu zena ez da heriotza bat, HILKETA bat baizik, honakoek eragindakoa:
- Enpresa handien diru-goseak, langileen segurtasunaz arduratu beharrean, obratik ahalik eta etekin ekonomiko handiena atera nahi baitute. DRAGADOS AHTaren G-7 izeneko mafiako partaidea da, 7 enpresa handiek sortutako talde auzipetu eta isundua, obren kontratu publikoak euren artean modu iruzurtian banatzeagatik. Enpresa hauek obra hauetatik kanpo egon beharko lukete, kasuko epaian azaldu bezala.
- Instituzioek baimendutako azpikontratazio-kateak, non kaltetu handiena azpikontratatutako enpresetako langilea den, prekarietate-baldintza, segurtasun-gabezia, gehiegizko lanaldiak eta etengabeko estresa jasaten dituena.
- Makro azpiegitura mota honetako langileek jasotako tratu arrazista umiliagarria eta iraingarriak, kasu gehienetan zaurgarritasun handiko egoeran dauden migratzaileak baitira. Nola liteke, aurreko heriotza gehienetan bezala, hildako pertsonaren inizialak bakarrik jakitea, benetan nor den eta nondik datorren jakin gabe?
- Estatuko zein autonomia-erkidegoetako administrazioen arduragabekeriak, ezbehar asko eragiten dituzten obren segurtasuna behar bezala gainbegiratzen ez dutelako, laneko esplotazioa eta zuhurtziagabekeria ezkutatuz, eta enpresekiko adostasun osoan beste alde batera begiratuz.
- Euskal Herriaren inoizko proiektu suntsitzaile, xahutzaile eta antisozialenaren irrazionaltasun erabatekoak, bizi dugun krisi eko sozial globalaren erdian.
AHTaren obretako hainbat langileren testigantzetan oinarrituta, duela hilabete gutxi salatu genuen bezala, azpiegitura honen eraikuntzan gertatzen diren lan-baldintzek – langileen bizitza eta osasungarritasuna etengabeko arriskuan jartzen dituztenak- aspalditik desagerrarazi behar ziren esklabotza-baldintzak gogorarazten dizkigute. Benetan uste dugu AHT bezalako azpiegitura megalomanoak ez liratekeela posible izango horiek gauzatzen dituen langile-klasearen esplotazio-baldintzarik gabe, horren adierazgarririk nabarmenena AHTaren obretan Euskal Herrian izandako 13 lan-heriotzak izanda.
Horregatik guztiagatik, Euskal Herrian AHTaren obrak berehala gelditzea eskatzen dugu behin eta berriro.
Zentzu horretan, gogorarazi nahi dugu AHTren aurkako hurrengo mobilizazioa datorren larunbatean, hilak 31, izango dela Altsasun (Nafarroa) (12:30ean, udaletxetik), inguru horretan Euskal Y eta Nafarroako AHT lotzeko egiten ari diren zundaketen aurka.
AHT gelditu! aspalditik ari da AHTren obretako lan-egoera salatzen. Horregatik (AHT sozialki eta ekologikoki arbuiatzen duten beste arrazoi ugariez gain), otsailaren 15ean manifestazio jendetsua egin zen Iruñean. Hau dela-eta, bideo batzuk ekoiztu zituen AHT gelditu!k Ahotsa Info-rekin batera, eta horietako batek zehazki salatzen zuen mega-azpiegitura horren laneko ezbehar-tasa:
Otsailaren 15eko manifestaziorako deialdian honela zioen AHT Gelditu!k:
«makroazpiegitura honen lanak XXI. mendeko esklabotzaren adierazle nagusietako bat direla». Baina AHTak, eraikitzen duten langileak ez ezik, «hura finantzatzera behartuta dauden gainerako langileak ere esklabo bihurtzen ditu, haien bizi-baldintzak pixkanaka hondatzen diren bitartean. AHTak inposatzen diguten esklabistei bakarrik egiten die mesede: eraikuntza enpreseei, bankuei eta klase politiko ustelari. Progresoa deiturikoak, zeinaren adierazpen nagusia AHTa baitzen, kolapsora garamatzan egungo krisi eko sozialaren erantzulea da». Egoera latz honen aurrean, AHT Gelditu! -k «aurrerapenaren kateak apurtzeko deia egiten du esklabo egin eta suntsitu egiten baikaitu».
Aspaldiko kontua

Duela 7 urte, Urko Apaolaza Argia-ko kazetariak ikerketa bat egin zuen AHTren obretako lan egoerei buruz, ‘Zuloan’ liburuan eta salaketa guztiak eguneratzen zituen blog batean islatuta. Robles-Ajangiz Fundazioaren eta ELA sindikatuaren laguntza izan zuen lan horretan.
Jakina, Euskal Y-aren zatiak amaitu ahala, zabarkeria eta abusu horiek gutxituz joan dira, baina oraindik ere badirelako osatu gabeko tarteak, baita geltokietarako sarbideak, geltoki berriak eta daudenen egokitzapenak ere. Bestalde, Nafarroan daude oraindik osatu gabeko tarte asko, eta hortik datoz gaur egun salaketa gehienak.
Descubre más desde
Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.