AHT Gelditu
Gobernu zentralak Euskal Y-a eta AHTaren Nafarroako korridorea lotzeko Ezkioko alternatiba ofiziala bertan behera uztearen aurrean, AHT Gelditu! Nafarroak bere balorazioa egin du.
AHTAREN PROIEKTUA: GEZURRA GEZURRAREN ATZETIK
Euskal Y-aren eta AHTaren Nafarroako korridorearen arteko lotura Ezkiotik edo Gasteiztik izan behar ote zuen klase politikoaren artean urtebete baino gehiagoko ika-mikaren ondoren, ohiko prestidigitatzailea dator eta beste untxi bat ateratzen du xisteratik: hirugarren alternatiba, Ezkio alternatibaren aldaera bat besterik ez dena.
Ezkioko aurreko alternatiba ofiziala alde batera uzteko argudioa da horrela Aralarko mendigunea zulatzea saihesten dela eta ingurumenaren gaineko eragina askoz txikiagoa izango dela. Gezur galanta, hirugarren alternatiba honek Aralar mendigunea zeharkatzen jarraitzen duelako eta inpaktua antzekoa izango delako: ez dago alde nabarmenik baztertutako alternatibako tunelaren (22,5 km) eta hirugarren alternatibakoaren (20 km) artean. Atentzioa ematen digun kontu bat: zergatik baztertu dute Ezkioko aurreko alternatiba ofiziala, lurra aztertzeko zundaketa bakar bat ere egin gabe, Garraioetako Estatu idazkaria den Santano jaunak, behin eta berriz zundaketak hasiak zirela esan arren? Gezurtero halakoa!
Ulertezina da joan den mendeko 90eko hamarkadan diseinatzen hasi zuten proiektu batek (obrak 2006an hasi ziren euskal Y-an eta 2011n Nafarroan), 2025ean oraindik ez duela bi tarte arteko loturarik planteatu ere egin. Horrek adierazten digu Euskal Herriko inoizko azpiegitura suntsitzaile, xahutzaile eta antisozialenak erakusten duen inprobisazio- eta lardaskeria-maila. Eta horrekin batera, proiektuaren helburu nagusia obra bera dela adierazten digu, onura izugarriak ekartzen baitizkie bankuei, eraikuntza-enpresa handiei eta klase politikoari, zeina ohiko hozkaden bidez, administrazioan betikotzen da, behin eta berriz frogatu den bezala.
Orain xisteratik ateratako hirugarren alternatiba hau EAJk 2018an aurkeztu zuen alegazio bat da, orain bazterturiko Ezkioko alternatiba ofiziala arriskuan ikusi zuenean. Alternatiba hau mapa batean lerro bat besterik ez da, aurreproiekturik, azterketa geologikorik eta ingurumenekorik gabea. AHT proiektuaren beste entelekia bat gehiago. Hirugarren alternatiba hau gobernu zentralaren distrakzio-maniobra bat da, EAJ behin-behinean pozik uzteko, AHTa Ezkiotik Europara atera dadin amorraturik bait dago, nahiz eta irteera hipotetiko hori zalantzan egon Frantziaren ezezkoaren ondorioz.
Hala ere, estatu zentralak, zor ikaragarri batez ahuldurik eta hemendik aurrera urteko BPGaren % 5 armamentura bideratzera beharturik, Gasteizko alternatibaren aldeko apostua eginen du askoz merkeagoa delako, PSOEko agintariek askotan adierazi duten bezala. EAJ-Geroa Bairen kasketa goxatuko dute, edozein eskuduntza edo mesede moduko kromo-trukeren bidez.
AHTaren Nafarroako korridorearen eta Euskal Y-aren arteko loturaren inguruko nahasmen-zeremonia honen ondoren, ez gaitezen engaina!: Ez dugu ez Gasteizko alternatibarik, ezta Ezkioko 3. alternatibarik behar! Aurrekaririk gabeko krisi eko sozial global honen erdian, garaia da larrialdiko balazta sakatzeko eta AHT bezalako azpiegitura-obra handi guztiak geldiarazteko, amildegian behera erori aurretik. Oraindik garaiz gabiltza. Gure biziraupenaren alde borrokatzeko garaia da.
Ildo horretan, bihar larunbata, goizeko 9etan Muru Artederretatik abiatuko den mendi martxan parte hartzera animatzen dugu, azpiegitura harrapari honek gure laborantzako lurrik onenak suntsitzen dituela salatzeko eta elikadura burujabetza bermatuko digun landa ingurune bizia aldarrikatzeko.
EZ GAZTEIZTIK EZTA EZKIOKO 3. ALTERNATIBATIK ERE! AHTrik EZ!
URRIAREN 18ko MENDI MARTXA: NEKAZAL LURRA ZAINDU! AHT GELDITU!*
Muru Artederretatik abiaturik obren txikizioa ikusteaz gain, hainbat hitzartze interesgarri entzun ditugu: auzokideen salaketa, EHNE sindikatuko aldarrikapenak eta AHTaren egungo obren egoera.

Descubre más desde
Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.
Deja un comentario