EH Bizirik!
AURREKARIAK:
Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBBen LPSa) EAEko lurraldean energia baliabideen identifikazioan eta lurralde antolaketa araudia moldatzean oinarritzen da, energia ekoizteko zentralen ezarpena errazteko.
EEBBen LPSaren zioen azalpena zentral horien hedapen masiboak ingurumen aldetik zein maila sozialean ekarriko dituen onuren inguruan eraikitzen da. Hor esaten denez, azpiegitura horiek berotegi efektuko gasen zuzeneko murrizketa ekarriko dute, landa eremuan biztanleria finkatzen laguntzearekin batera.
Alabaina, energia sorkuntza, mota batekoa zein bestekoa izan, ez da balizko ingurumen onuren edo onura sozialen arabera planteatzen, baizik eta, oroz gain, interes ekonomikoen edo geopolitikoen ikuspegitik.
Zentral eoliko eta fotovoltaikoen hedapen masiboak lurraldearen okupazioa eta hor ematen diren jardueren desplazamendua dakar berekin. Zentral eolikoen kasuan gainera, horien kokapena dela-eta, atzera bueltarik ez duen natura eta kultura inguruneen txikizioa (babestutako eremuen, aparteko mendi gailurren edo arkeologia interesekoak diren eremuen gaineko eraginak).
Hala, EEBBen LPSa tresna ezin hobe gisa agertzen da lurzoruaren liberalizazio jarraitu baten mesederako, non posible izango baita orain arte ia beti lurralde oreka irizpideen arabera ordenatu ez diren jarduera industrialak hedatzea. LPS aren dokumentuan energía baliabidea (sortzeko gaitasuna) gailentzen zaio beste edozein irizpideri.
Nabaria da, halaber, gisa horretako zentralak [handiak] hobestearen inkongruentzia, berotegi efektuko gasak murrizteko edo are energia autohornikuntza sendotzeko helburuak aldarrikatu, eta, aldi berean, logistika jarduerak, datu zentroak edo hegaldi transozeanikoak bultzatzen direnean. Horrek guztiak energia kontsumo ikaragarriak behar ditu, eta garraioaren kasuan, murriztu nahi diren gas horiexen isuri masiboak.
Uste dugu EEBBen LPSaren egungo planteamenduak energia enpresa handien interesei baizik ez diola erantzuten, eta horiek ez dutela zalantzarik egingo euren irabazien kontua lehenesten beste edozein onura komuneko irizpideren aurrean.
Zentral energetikoen hedapen masiboak espazio naturalaren eta landa eremuaren eraldaketa itzulezina ekarriko du, egungo eredu kapitalistak enpresa handien mesedetan jarrai dezan bermatzeko helburu bakarrarekin. Enpresa handi horien irabaziak, gainera, lehen sektorearen etorkizuna lehenaz gain larriagotzearen kontura, eta landa eremuko biztanleen bizi baldintzak nabarmen kaltetzearen kontura; izan ekonomikoki, landa eremuan eta herri eta auzoetatik gertu kokatzen diren zentral horiek eragiten duten ondasunen balio galera dela-eta, zein izan osasunaren ikuspuntutik, zuhurtzia printzipioarekiko mespretxu erabatekoaren ondorioz.

ARRAZOIAK:
EEBBen LPSaren onarpenaren prozedurak ezinegon eta arbuio sozial handia eragin du, are historikotzat ere jo daitekeena, nagusiki teknikoa den dokumentu bati herriak emandako erantzuna kontuan hartuz gero.
Tokiko erakundeei, udalei, auzo elkarteei, lurraren defentsarako herri ekimenei edo nekazaritza sindikatuei eskaini zaien parte hartze prozesua itxura hutsa izan da. Eusko Jaurlaritzak ez du inongo interesik izan lurraldearen antolaketa bezalako funtsezko eta berebiziko gai batean egiazko parte hartze demokratikorik eta aberasgarririk egon dadin. Ez ditu tokiko erakundeen eskumenak errespetatu eta irizpide inposatzailearen aldeko hautua egin du parte hartzearen eta elkarlanaren kaltetan.
Ez dira kontuan hartu LPS honek beste LPS batzuekiko (Nekazaritza eta Basozaintzako LPSa, esaterako), Lurralde Plan Partzialekiko eta paisaia eta ondare kulturala babesteko legediarekiko dituen eragin bateraezinak, eta EEBBen LPS honen helburuak beste edozein irizpideren gainetik jarri dira hierarkia juridikoaren printzipioaren urraketa nabarmena ematen den kasuetan ere.
Udalek, Kontzejuek, foru aldundietako departamentu teknikoek, nekazaritza sindikatuek, lurraren defentsarako herri ekimenek, talde ekologistek eta norbanakoek egindako 4000tik gora alegazioei emandako erantzunak argi uzten du ez direla inondik ere kontuan hartuak izan. Erantzun azaleko eta masibo horrek izapide administratibo bat betetzeko itxura egitea bilatu du, helegiteoi ganorazko erantzun arrazoitu bat ematea baino.
EEBBen LPSaren egungo planteamenduak ez dio erantzuten ez forman ez edukian Lurralde Plan Sektorial batek izan behar duenari, hau da, modu planifikatuan, parte hartzailean eta guztien onaren izenean arautuko lukeen plangintza bati. Egun planteatzen den EEBBen LPSak merkatura bideratuko den energia sorkuntzaren interesari erantzuten dio soilik, energia enpresa handien esku dagoen salerosketa baliabide gisa, lurraldeko biztanleen kaltetan.

JUDIZIALIZATZE PROZESUA
Errekurtsoa elkarte baten edo zenbaiten izenean egingo bada ere, bilatzen dena prozesua albait gehien sozializatzea da, eta ekintza honen atzean ikusaraz dadila 4000 alegaziotik gora aurkeztu zaizkion EEBBen LPSaren behin behineko onarpenak izan duen aurkakotasun sozial zabala.
Alegazio teknikoak aurkeztu zituzten elkarte, plataforma, kontzeju, udal eta norbanako orok dute orain aukera ekimen honen bidez LPS honekiko kontrakotasunari eta arbuioari jarraipena emateko bide judizialetik. Izan ere, LPS honek, natura, paisaia eta nekazaritza ondarea babestearen ordez, lurraldearen liberalizazioa baitakar makroproiektuen ezarpen masibo eta indiskriminatua ahalbidetzeko.
Ekimen hau LPS HONI EZ / NO A ESTE PTS plataformak gidatuko du eta bere baitan bildu nahi ditu LPSa egungo terminoetan onartzeak lurraldearekiko dakarren mehatxuari aurre egin nahi dioten elkarte, herri plataforma, tokiko erakunde eta udal edo bestelako erakunde eta talde edo ekimenak.
NOLA IZAN EKIMEN HONEN PARTE
– Antolakuntzan parte hartuz, dinamika hau aurrera eraman ahal izateko egingo diren asanblada eta bileren parte izanez.
– Sozialki ekarpena eginez, LPS honi ez! dinamikak LPSren salaketara bidean antolaturiko ekintzei babesa erakutsiz.
– Ekonomikoki: Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeak kostu ekonomiko handia izan dezake, prozesu osoan zehar ordaindu beharreko gastuei aurre egin beharko baitzaie. (talde juridikoa, txosten perizialak, prozesu-kostuak, etab.).
Horri aurre egiteko, diru laguntza eman dezakezue beheko kontu zenbakian, kontzeptua eta ekarpena egiten duen elkarte, ekimen, erakunde edo pertsonaren izena adierazita. Modu honetan soberakinik izan ez gero, ekarpena egin dutenei dirua modu proportzionalean itzuli ahal izateko idatzi beheko helbide elektronikora: lpshoniez@gmail.com
Edozein motatako zalantzak argitzeko, idatzi lasai ondorengo posta elektroniko helbidera: lpshoniez@gmail.com
Parte hartzeko formularioa:
https://forms.gle/v7m81gmSe9xsBuod6
ESKERRIK ASKO!
Descubre más desde
Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.
Deja un comentario