«LPS honi ez!» dinamika aurkeztu dute

(EH Bizirik! aurreko agiria)

40 kolektibok baino gehiagok «LPS honi ez!» egitasmoa eratu dute Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurraldearen Arloko Planaren (LPS) proposamen berriaren aurka egiteko.

Ekimen hau gaur (abenduak 4) aurkeztu da Bilbon. Beste gauza batzuen artean, LAP hau auzitegietara eramatea planteatu du. LAP honen aurka egiteko arrazoien artean, herritarren ongizateaz eta ingurumenaren babesaz ez dela arduratzen diote, enpresa handien interesak lehenetsiz: «Trantsizio energetikoaren izenean bada ere, LPS honek instalazio hauekin
negozioa egiten duten enpresa handien interesak lehenesten ditu,».
«Eskala handiko proiektu eolikoen eta fotovoltaikoen hedatze masibo bati bide ematera datorren lurralde antolamendua dugu hau, mendi-gain eta landa eremuen suntsiketa modu masibo batean ematea ahalbidetuko duena.»

«Gure lurraldeak aspalditik egon dira espekulazioaren eta dinamika ekonomiko berehalakoen menpe eta orain artean esku artean izan dugun aurreproiektuak gure lurraldean enpresa energetiko handiek dituzten interes espekulatiboei atea are gehiago irekitzen die.», ohartarazi dute.

JARRAIAN komunikau osoa:


LPS HONI EZ! DINAMIKAREN AUKERZPENA

Eusko Jaurlaritza berandu baino lehenago onartzear dagoen energia berriztagarrien lurralde plan sektorialari (LPS) ezezkoa eman eta honi aurre egiteko dinamikaren aurkezpena egiteko bildu gara. LPS HONI EZ! dinamikatik, LPS hau onartu bezain pronto epaitegietara eramateko dugun konpromisoa publiko egin nahi dugu.

Eskala handiko proiektu eolikoen eta fotovoltaikoen hedatze masibo bati bide ematera datorren lurralde antolamendua dugu hau, mendi-gain eta landa eremuen suntsiketa modu masibo batean ematea ahalbidetuko duena. Trantsizio energetikoaren izenean bada ere, LPS honek instalazio hauekin negozioa egiten duten enpresa handien interesak lehenesten ditu, herritarron eta inguru naturalaren kaltetan. Beste behin, kapitalista handien irabazi ekonomikoei erraztasunak ematera datorren plan bat baino ez dela ozen salatu nahi dugu. Gure lurraldeak aspalditik egon dira espekulazioaren eta dinamika ekonomiko berehalakoen menpe eta orain artean esku artean izan dugun aurreproiektuak gure lurraldean enpresa energetiko handiek dituzten interes espekulatiboei atea are gehiago irekitzen die. Guk garbi daukagu lurraldearen antolaketa koherente bat beharrezkoa dela. Bada, horrelako planen helburuak bikoitza izan beharko luke: batetik, balio ekosistemiko, kultural eta sinboliko handiko lurraldeak babestea eta, bestetik, guztion ongizate kolektiboa hobesteko baldintzak jartzea. Beraz, Energia berriztagarrien LPS-aren espirituak gaur egun duenaren kontrakoa izan beharko luke. Interes espekulatiboen araberako diseinu enpresarial baten ordez, interes ekologikoaren eta giza-interes orokorren araberako lurraldearen planifikazioa izan behar luke.

Energia berriztagarrien instalaziorako plan sektorialak zentzua izango luke horrek teorian aurrean duen erronkari erantzuteko anbizioa izango balu: krisialdi klimatikoaren erronkari. Alabaina, argi eta garbi izan behar dugu plan honek ez duela aldaketa klimatikoarekin zerikusirik. Diskurtsiboki hori saldu nahi diguten arren, egun bizi dugun krisi ekologiko eta klimatikoari aurre egiteko inolako neurri eraginkorrik hartzeko borondate politikorik ez dago, ez behintzat horrek gure kontsumo gizarteak zalantzan jarriko baditu. Are gehiago, gaur egun eskala handiko berriztagarrien hedapen masiboa energiaren erabileraren igoeraren testuinguruan ulertu behar da.

LPS-aren aurreproiektuan marraztu zaigun mapa larria bada, hori bezainbestekoa da plan sektorialaren diseinuak eta onarpenak izan duen izaera antidemokratikoa. Herri sektoreen partetik erakutsi den oposizioari, hainbat eta hainbat erakunde zientifikoetatik garatu diren txostenei eta norbanako zein eragile ezberdinek aurkeztutako 4000 alegazio baino gehiagori entzungor eginda eraman baita aurrera plan honen diseinua.

Bestalde, LPSaren aurreproiektuan brotxa lodiz trazatu da eskala handiko berriztagarrientzat egokiak diren lurren mapa. Hain da horrela ezen Jaurlaritzak berak jadanik atzera bota behar izan dituen territorio horietako batzuetan programatuta zeuden proiektuak adibidez Balmasedan (Bizkaia) El Haya 1 eta El Haya 2 zentral eolikoak eta beren ebakuazio egiturak; Azpeitian, Errezil eta Zestoan (Gipuzkoa) Piaspe zentral eolikoa eta beren ebakuazio egiturak; edo Arraia-Maeztun, Iruraiz-Gaunan, Barnedon eta Donemiliagan (Araba) Azazeta zentral eolikoa, ingurugiro inpaktu handiagatik.

Horregatik guztiagatik, ez dago LPS hau justifikatu ahal duen arrazoirik, kontrara, atzera bota beharko litzateke LPS hau, baina immobilismo politikoaren testuinguru honetan, herri eragileei dagokigu ahotsa altxatu eta tamaina honetako ofentsibaren aurrean antolatzea. Hori dela eta, LPS HONI EZ! dinamikatik, onartzear dagoen LPSari aurre egin eta herritarron interesak defendatzeko konpromisoa hartzen dugu. Aurrez aipatu dugun moduan energia berriztagarrien lurralde plan sektorial hau auzitara eraman eta auzi honen salaketa kalera ateratzea da gure asmoa. Dinamika honetan parte hartu nahi duen eragile orok ateak irekita dituela argi utzi nahi dugu, indarrak batuz soilik lortuko baitugu neurri honetako erasoa geldiaraztea.

LPS HONI EZ!


Descubre más desde

Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.

Un comentario sobre “«LPS honi ez!» dinamika aurkeztu dute

Agrega el tuyo

Deja un comentario

Blog de WordPress.com.

Subir ↑

Descubre más desde

Suscríbete ahora para seguir leyendo y obtener acceso al archivo completo.

Seguir leyendo