PRESAK HIL EGITEN DU, LAGUN! KORDOBAKO AHT ISTRIPUAREN INGURUKO HAUSNARKETAK

AHT Gelditu!

(Castellano)

Atzo, igandea, istripu lazgarri bat suertatu zen Adamuzen (Kordoba), Malaga-Madril bidea egiten ari zen IRYO konpainiaren AHT batek errailetik atera, ondoko bidean sartu eta kontrako noranzkoan zihoan Renfeko beste AHT bat bortizki jo zuenean. Horren ondorioz, testu hau idazteko unean, 39 pertsona hil dira, baina 150 zauritik gora daude -batzuk larritasun handienekoak- eta kontaezinak dira desagertuak; beraz, ziur asko, heriotza-kopuruak gora egingo du.

Honaino teletipoen irakurketa hotza. Baina, ezbeharraren arrazoiak argituko dituen ikerketaren emaitzak ezagutu ez arren, tragedia honen azterketa sakona egin nahi dugu:


– KAPITALISMOAK GERO ETA AZKARRAGO JOATEKO DUEN BEHARRA

Abiadura handiko hipermugikortasun motorizatuaren beharra ezarri zaigu, «denbora irabazteko» ustezko arrazoiketarekin. Irabazten dugun ustezko denbora horrek ez dio onurarik ekartzen herri xeheari, aitzitik, produktibitatea handitzeko eta kontsumismoan oinarritutako aisialdia sustatzeko baliatzen da. Hori guztia hazkunde mugagabeko logika kapitalista baten barruan, planetaren mugak gainditu eta zibilizazioaren kolapsora eramaten gaituena.

AHTa da «denbora irabazteko» ahalegin etsi honen adibiderik esanguratsuena. Gainera, “irabazitako denbora” hori gezur borobila da hiri handietan bizi ez den jendearentzat, AHT logikatik kanpo dagoena. Galdetu diezaiotela bestela Tafallako pertsona bati -adibide bat jartzeagatik-, Madrilera joateko lehenik Iruñeraino joan beharko lukeena AHTa hartzera, bere herritik berriro Madrilerako norabidean igaroz.

«Denbora irabaztearen» kontzeptu hori sakonki barneratu da herritarren zati handi batean, horren lekuko, Trenaren aldeko plataforma asko, «AHTarekin lehiakorrak diren» alternatiba teknikoak plazaratzen ari direnak, ia ia AHTa bezain azkarrak. Zer beharra dago hain azkar joateko?

– ABIADURA HANDIAK KALTE HANDIAK DAKARTZA
Abiadura handian joateko, trazadurak ia zuzen-zuzenak dira, eta, beraz, lurraldearen suntsiketa izugarria da. Edozein oztopo orografiko gainditu egin behar da, eta horrek ingurumen-hondamena, materialen xahuketa eta ikusmen-inpaktu ikaragarriak dakartza.

Energia-kontsumoan ere hazkunde esponentziala eragiten du, energia-zentral, azpiestazio, linea elektriko eta abarren ezarpenarekin, kontsumo hori biziki murriztea eskatzen duen une historiko honetan.
Gainera, abiadura handiak arriskugarritasuna izugarri handitzea dakar, atzoko eta 2013an Santiagon 80 heriotza eragin zituen istripuetan agerian geratu den bezala.


– ABIADURA HANDIAREN SEGURTASUNA MANTENTZEA EZ DA «ERRENTAGARRIA»

Zenbat eta abiadura handiagoa, segurtasun-neurriak gero eta garestiagoak dira, eta etekin ekonomiko handiagoa lortzeko, segurtasun-neurri horiek erlaxatu egiten dira askotan. Eta are gehiago Espainiako estatuan, Txina ondoren munduko abiadura handiko sarea handiena duena, kontuan hartuta AEB bezalako herrialde batzuek ez dutela AHT kilometro bakar bat ere. AHTaren kilometro bateko mantentze-kostua 200.000 €-koa da urtean, eta 500.000 eurora irits daiteke tarte konplexuetan. Segurtasunaren erlaxamendu horren frogagarri, azken urteotan gorabeheren gorakada handia dugu, atzerapen ugari eragin dutenak. Arrazoi horrengatiko kalte-ordainak asko murrizten ari dira ADIFi eragiten zioten kostu ikaragarriengatik. Mantentze-lan falta hori dela eta, paradoxa batera iristen ari da: AHTak abiadura murriztu behar du toki askotan, istripuak ekidite aldera 100 km/h-ko langara ere iristen ez delarik.

– ZERBITZUAREN LIBERALIZAZIOAK ARRISKUGARRITASUNA HANDITZEN DU

2021ean, abiadura handiko trena liberalizatu zen, operadore berriak sartuz: RENFEri gehitu zitzaizkion OUIGO frantziarra, IRYO italiarra -atzoko istripu tragikoaren eragilea- eta AVLO, RENFEren low cost zerbitzua. Konpainia horiek, inolako eskrupulurik gabe, bidaiari kopuru handieneko ibilbideetan baino ez dira sartu, ahalik eta etekin handiena lortzeko. Esan beharrik ez dago azpiegitura eraikitzearen kostua, inoiz berreskuratuko ez dena, ez dutela beraiek ordaintzen, guk baizik. Beti bezala, gastu publikoa enpresa pribatuen poltsikoentzat. Konpainia horiek kostuak murrizten dituzte etekinak handitzeko, eta horrek zerbitzuaren segurtasun-neurriak, kalitatea eta langileen lan-baldintzak okertzen ditu.

– KAPITALISMOA SISTEMA KRIMINAL ETA HILTZAILEA DA

Istripu horren funtsa etekinen optimizazioan oinarritutako sistema bat da, langile klasearen, arpilaketa kolonialeko prozesuen mende dauden hegoaldeko herri globalen, emakume eta disidentzia sexualen eta, oro har, planetaren bizi-baldintzen gainetik. Makineria kapitalista ezin da gelditu, eta aurrera egindako ihesaldi suizidan, bidean aurkitzen duen oro akabatzen du. Ziurrenik, istripuaren erantzule diren enpresei -ADIF eta IRYO- errentagarriagoa izango zaie biktimen familiei kalte-ordainak ematea AHTaren segurtasuna hobetzea baino, eta, zer esanik ez, bai ekonomikoki bai sinbolikoki sistemarentzat oso errentagarria den azpiegitura bat desegitea baino. Ezinezkoa da istripuan hildako pertsonen bizitza ekonomikoki konpentsatzea, ezta kapitalismoak suntsitutako pertsonena eta naturarena ere. Diruak ez du inoiz bizitza itzuliko. Kordobakoa ez zen istripu bat izan, kapitalismo gordina baizik.



GELDI DEZAGUN AHTA- GELDI DEZAGUN KAPITALISMOA


Descubre más desde

Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.

Deja un comentario

Blog de WordPress.com.

Subir ↑

Descubre más desde

Suscríbete ahora para seguir leyendo y obtener acceso al archivo completo.

Seguir leyendo