AHT Gelditu!
Duela hilabete batzuk, AHTaren aldeko Plataforma eratu zen Nafarroan, Foru Komunitatean makro azpiegitura horren eraikuntza bizkortzeko. Bere helburu nagusia da Nafarroako zein Madrilgo gobernuen gaineko presio lobby gisa jardutea. Mafiak bezala, AHTaren aldeko Plataforma da gaur egun Nafarroako AHTaren hariak itzaletik mugitzen dituena.
Honako hauek osatzen dute:
- INSTITUCIÓN FUTURO: GARUNA. Aznarren FAES tankerako think tank bat da, ideia ultraliberalen laborategia. Azken urteotan artilleria guztia erabili du Nafarroan AHTaren eraikuntza suspertzeko. Bere kideen artean, besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira: Jose Leon Taberna, ogiaren Nafarroako “kartel”aren patriarka; Javier Creixell, Nafarroako Magnesitaseko zuzendaria; Jose Antonio Sarria, multinazionalei tokiko enpresak likidazio salmentetan aditua; Jose Maria Aracama, bi noranzkoetako ate birakarietan aditua; Miguel Canalejo, multinazional handien zuzendari eta aholkularia, eta Joaquin Villanueva, Espainiako batasunaren aldeko enpresaburu aktibista.
- NAFARROAKO ENPRESARIEN KONFEDERAZIOA: BESO BETEARAZLEA. Patronalaren interesak zainduz, Nafarroako langileen interesen aurka dagoen erakundea. Honen burua Manuel Piquer da, Plataformaren aurkezpenean zeremonia-maisu izan zena. C.A. Osasunako zuzendaritzako kide ere bada.
- MERKATARITZA GANBERA: APARATU LEGALA. Javier Taberna burua da, azken 34 urteetan postu berean mantendu dena. CAN-en desegitean aktiboki parte hartu zuen.
- INGENIARIEN ELKARGOAK: TEKNIKARI ADITUAK. Nabarmenena Alvaro Miranda da, AHTarekin obsesionatuta dagoen ingeniaria, Nafarroako Gobernuko kontseilaria bi legealditan eta CAN-en gainsoldatak kobratzeagatik epaitua. Pedro Busto ere azpimarragarria da, Belateko tuneleko bulego teknikoko burua.
- TRAMA ZIBILA: LEGITIMATZAILE SOZIALAK. Plataforma atxikimendu-kanpaina bat bultzatzen ari da. Horren helburua AHTaren eraikuntza jendartean legitimatzea da. Atxikimendu horien artean, C.A. Osasuna, Irache Kontsumitzaileen Elkartea, UGT… nabarmentzen dira. Atxikimendu horiek modu antidemokratikoan egin dituzte zuzendaritza-batzordeek, oinarrien iritzia kontuan hartu gabe.
Erakunde horiek Nafarroako enpresa-eliteen interesak ordezkatzen dituzte; izan ere, aurrekaririk gabeko krisi eko-sozial globalaren testuinguruan, ez dute zalantzarik haien onura ekonomikoa eta bezero-sareak natura eta langile-klasearen bizi-baldintzen gainetik jartzeko, azken hau gero eta kaltetuago izanik bizitzaren garestitasuna, murrizketa eta pribatizazioengatik. Era berean, badirudi bosta axola zaiela AHT-aren eraikuntzan izaten ari den muturreko lan-esplotazioa, Euskal Herriko obretan 13 langileren heriotza eragin duena; ezta mantentze-lan eskasagatiko Estatuko sarearen segurtasun-falta ere, Kordobako istripuan egiaztatu dena.
Elefante txuria azpiegitura alferrikakoak, suntsitzaileak eta inposatuak irudikatzen dituen nazioarteko ikurra da. Azpiegitura horiek, antzinako Thailandiako elefante txuriek bezala, mantentze-gastu gehiago eragiten dituzte sortu beharko lituzketen balizko onurak baino, eta, ondorioz, ustezko onuradunak hondoratzen dituzte. AHTa Euskal Herriko elefante txuririk handiena da, 12.000 milioi eurotik gorako kostuarekin, diru publikoaz finantzatuta. Xahuketa hori enpresa-mafiari eta nahi bezala maneiatutako klase politiko ustelari baino ez die mesede egiten.
Horregatik guztiagatik, AHT Gelditu! Nafarroak otsailaren 21ean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten du. 12:00etan abiatuko da Iruñeko Diputaziotik, honako lelopean: DESJABETZAREN AURREAN, AHT-AREN MAFIA BORROKATU!
OTSAILAK 21, MANIFESTAZIOA: DESJABETZAREN AURREAN, AHT-AREN MAFIA BORROKATU!
1.ATALA
-
INSTITUCION FUTURO: MAFIAREN GARUNA
AHTaren mafiaren albistegiaren lehen atala Institucion Futurori dagokio, AHTaren Mafiaren burmuinari. Gaiaz gehiago jakin nahi baduzu, testu osoak eskaintzen dizkizugu.
Institucion Futuro Nafarroako AHTaren Mafiaren substantzia grisa da. Aznarren FAESen tankerako Think Tank bat da, benetako presio ultraliberaleko lobby bat. Azken urteotan artilleria guztia erabili du Nafarroan AHTaren eraikuntza azkartzeko.
Bere Gobernu Kontseiluan hainbat kapok hartzen dute parte:
– José León Taberna, Nafarroako “ogiaren kartel”aren patriarka. Ogiaren prezioa faltsutzeagatik eta beste okin-enpresa batzuekin prezioaren igoera hitzartzeagatik isundua. Yolanda Barcinak urteko enpresari onenaren saria eman zion urte berean, enpresa arrisku-kapitaleko funts bati saldu zion, 100 urtetik gorako historia zuen enpresa bat likidatuz. CANeko luxuzko dieta eta bidaiez gozatu zuen.
– José Antonio Sarria, tokiko enpresak multinazionalei likidazio salmentetan aditua. Fundiciones Luzuriaga Mondragon Korporazioari, Magnesitas de Navarra Roullier taldeari eta San Andrés paper-fabrika Newark multinazionalari saltzen parte hartu zuen. Baina parte hartu zuen likidaziorik sonatuena Nafarroako Aurrezki Kutxarena izan zen, saldo-prezioan saldu baitzitzaion Caixari. Sari gisa, postu bikaina lortu zuen Vida Caixan. Nafarroako Enpresarioen Konfederazioko burua 10 urtez izan zen eta Guardia Zibilak saritu zuen.
– Javier Creixell, estraktibistetan estraktibistena. Magnesitas Navarraseko zuzendaria da, Quinto Real eta Borobiako (Soria) aire zabaleko bi meategien arduradun nagusia. Zilbeti meategia irekitzeko saiakerak huts egin ondoren, orain Erdiz ustiatu nahi du, herritarren gaitzespen handia sortu duen proiektua.
– José María Aracama, bi noranzkoetako ate birakarietan aditua. Cementos Portlandeko zuzendari izatetik Nafarroako Ogasuneko kontseilari izatera pasa zen eta berriz, zementu-fabrikako aurreko postura itzuli zen. Ondoren, SODENAko zuzendari nagusia, eta handik GAMESA eta Cementos Portland-en aldi berean egon zen. Egun, Diario de Navarra egunkariko ohiko zutabegilea da.
– Miguel Canalejo, multinazional handien zuzendari eta aholkularia. Unión Carbide Ibérica, Alcatel España eta Latinoamerikako zuzendari nagusia, SKF España eta REDTELeko presidentea. Aholkulari Fujitsu, Accenture eta Azkoyen enpresetan, baita Nazca Capital arrisku-kapitaleko funtsean ere, Defentsa eta Segurtasun Nazionalerako adimen artifizialeko inbertitzailerik handiena estatu espainiarrean.
– Joaquín Villanueva, Espainiako batasunaren aldeko enpresaburu aktibista. Besteak beste, Holcim planetako lehen zementu-fabrikan lan egin zuen, eta zuzendari nagusi izendatu zuten. Nafarroako Zirkuluaren sortzaileetako bat Madrilen. Gainera, Sociedad Civil Navarra sortu zuen, eta Sociedad Civil Catalana taldean parte hartzen du, biak ala biak independentismoen aurkako talde ultrak.
2.ATALA
-
NAFARROAKO ENPRESARIEN ELKARTEA eta MERKATARITZA GANBERA
AHTaren mafiaren albistegiaren bigarren atala dagokie Nafarroako Enpresarien Konfederazioari eta Merkataritza Ganberari, AHTaren Mafiaren beso betearazleari eta legezko aparatuari, hurrenez hurren. Gaiaz gehiago jakin nahi baduzu, testu osoak eskaintzen dizkizugu.
NAFARROAKO ENPRESARIEN KONFEDERAZIOA: AHTAREN MAFIAREN BESO BETEARAZLEA
Nafarroako Enpresarien Konfederazioa da patronalaren interesak zainduz, Nafarroako langileen interesen aurka dagoen erakundea. Bere praktika mafiosoak direla eta, historian zehar behin eta berriz salatu dute hainbat sindikatuk. CEOE Enpresa Erakundeen Espainiako Konfederazioko kide da. Konfederazioa 50 enpresa-elkartek osatzen dute, eta horietako askok baldintzarik gabeko babes akritikoa eman diote AHTaren aldeko Plataformari. Elkarte horietako oso gutxik jasoko dute AHTaren onurarik; izan ere, bere garaian CEOEk adierazi zuen bezala, «enpresek salgaien trenbide-garraio eraginkorra behar dute, eta ez AHTa», eta jakina denez, Espainiako estatuko gainerako lekuetan bezala, Nafarroan ere AHTak ez du merkantziarik garraiatuko. Plataformaren atxikimenduen zerrenda ikusita, deigarriak dira hainbat erakunde zergatik babesten duten oso ongi ez jakiteagatik. Batzuk aipatzearren: Iturgintza eta Berokuntza Enpresen Elkartea (ANAFONCA), Laguntza Entitateen Nafarroako Elkartea (ANEA), Irakaskuntza Zentroen Nafarroako Elkartea (CECE), Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofiziala, beste askoren artean… Ez ote dira elkarte horiek jasotako presioak erabakigarriak izan kasu askotan Plataformari atxikitzeko?
Gaur egun, Konfederazioko presidentea Manuel Piquer abokatua da, eta Plataformaren aurkezpenean berak hartu zuen protagonismo nagusia. CEOEko Batzorde Betearazleko kide da, eta Osasuna futbol klubeko Zuzendaritza Batzordeko kide ere. Klub hori modu antidemokratikoan atxiki zaio Plataformari, bazkideei galdetu gabe.
MERKATARITZA GANBERA: AHTAREN MAFIAREN LEGEZKO APARATUA
AHTaren mafiaren organigrama barruan, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera oinarrizko erakundea da. Javier Taberna Jiménez abokatua du buru, Taberna klan ospetsuaren adar batekoa. Azken 34 urteetan etengabe zuzendu du Merkataritza Ganbera, eta enpresa-harremanen sare zabala eratu du. Miguel Sanzen lagun mina izan denez, Nafarroako Aurrezki kutxaren Administrazio Kontseiluetako kide izan zen eta bere likidazioan aktiboki parte hartu zuen. Nafarroako hainbat enpresa-elkartetako aholkularia da; Armada markaren enbaxadorea – Armadaren irudi positiboa sustatzea eta indartzea eskatzen duen rola-, eta Opuseko unibertsitatetik oso hurbil dago, Nafarroako Unibertsitatea- Enpresa Fundazioko lehendakariordea baita. Era berean, Repsolen pantaila-enpresa baten bidez «ustezko energia-komunitateentzako» instalazio berriztagarriak muntatzen dituen enpresa bat zuzentzen du. Gaztela-Mantxan finkak ditu, non lagunekin egindako txangoak, ehizaldiak eta parranda pribatuak ezagunak diren. Liberalismoa defendatzen du ahalik eta sistemarik onena omen delako. Azken hamarkadetan, Nafarroako boterearen elitearen funtsezko pertsonaietako bat da. Ondo ezagutzen duten pertsonek honela definitzen dute: «gizon mafioso eta akonplejatua, milioiduna izatearekin obsesionatua».
Descubre más desde
Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.
Deja un comentario