AHTaren ZUNDAKETEN AURKAKO HIRU URTEKO BORROKA

STOP ZUNDAKETAK- AHTrik EZ EKIMENA

(Castellano)

Hil honetan, AHTaren zundaketen aurkako Ekimenak hiru urte bete ditu. 2023ko maiatzean, ADIFek Itza, Sakana eta Goierriko udalei jakinarazi zien zundaketa geoteknikoak eta beste jarduketa batzuk egingo zituela AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko alternatibak aztertzeko, eta lan horiek urte hartako maiatza eta iraila bitartean egingo zirela. Alarma berehala zabaldu zen. AHTaren aurka zeuden Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako hainbat kolektibok bat egin zuten mehatxu horri aurre egiteko, jakitun izanik zundaketak AHTaren obren inposizioaren hasiera baino ez direla, herri eta ibarren borondatearen gainetik. Gauzak horrela, 2023ko ekainean zundaketen aurkako Ekimena eratu zen helburu argi batekin: zundaketak geldiarazten saiatzea. Lehenengo jarduera-puntu gisa, protokolo bat ezarri zen zundaketak detektatuz gero oposizioa ahalik eta azkarren aktibatzeko. Ordutik hona, Ekimenak informazio-kanpainak, elkarretaratzeak, mendi-martxak eta bizikleta-martxa egin ditu mehatxaturiko haranetan barrena, ADIFek zundaketak egin nahi dituen tokiak ezagutarazteko eta larrialdietako protokoloa gizarteratzeko. Aldi berean, azpimarratu behar da mehatxaturiko eremuetako udal gehienek paper oso garrantzitsua bete dutela, eskuan zituzten legezko tresnekin dagozkien baimenak ematearen aurka agertu baitira.

Hiru urte hauetan, Ekimen honen informazioen arabera, Madrilgo gobernuak bi zundaketa baino ez ditu egin, bata Idiazabalen eta bestea Beasainen, azken hori Arcelor Mittal enpresaren lurretan; eta beste hiru gelditu egin dira Ataunen, Otxobin eta Izurdiagan, mehatxaturiko udalen eta larrialdi- protokoloa aktibatu zuen zundaketen aurkako Ekimenaren jarduera azkarrari esker. Beraz, orain arte oso balorazio positiboa egin behar da: tokiko erakundeen eta Ekimen honen aurkakotasunari esker, 2023ko irailean amaituta egon behar zuten zundaketak nabarmen moteldu dira. Gainera, egitasmoarekin aurrera egiteko saihesbide modura Iruñerria-Altsasu tarterako iazko abenduan argitaratu zuten azterlan informatiboari ere 7000tik gora alegazioz emandako erantzuna, herritarren borondatearen adierazpen argia eta zoriontzeko modukoa izan da.


Hiru urte hauetan, administrazioak
inprobisazio ikaragarria erakutsi du: zundaketa-kanpainak aldatuz joan izan dira denborarekin trazadura-alternatiba berrien aukeraketaren arabera, eta horrek agerian uzten du duela hamarkada batzuk diseinaturiko proiektu baten erabateko lardaskeria. Aldi berean, intoxikazio mediatikoko kanpaina bat zabaldu du, esanez zundaketak egiten ari zirela edota eginda zeudela, errealitatean, bi baino ez dituztenean egin, horietako bat enpresa baten lursail hesituaren barruan. Paradoxikoki, askotan, mehatxaturiko udalen aurkakotasunari eta ustezko sabotaje-ekintzei egotzi diete zundaketak moteltzearen errua. Zertan ari dira? Nor engainatu nahi dute oposizioa kriminalizatzeko kanpaina honekin? Bienbitartean baina ez dute bortizkeria instituzionala zein zuzenekoa baliatzeko inongo lotsarik, zer da ba informazio gardena ukatzea, baimenik gabe zundaketak egitera agertzea, udalen erabakien gainetik igarotzeko frankismo garaiko lege batera jotzea edota 24 orduz segurtasun jagoleak ipintzea?


AHTaren aldeko familiaren barruko alderdi politikoen eta lurraldeen arteko trazadura-lehia ezintasun tekniko eta politiko sinestezin horren atzean dago, eta are gehiago orain, hurrengo hauteskundeak ate joka daudenean. Nafarroako korridorearen eta Euskal Y-aren arteko lotura erabakitzeko egin nahi den azterlana -hasiera batean zundaketetan oinarritua izango zela esan zutena eta gerora aurrekontua, eraikuntza denbora… aldagaiak erantsi dituztena-, behin eta berriz atzeratzen ari da. Azken epea aurtengo udaberria zen, dagoeneko udan gaude eta ditxosozko azterlana ez da argitara ateratzen. Horren ondorioz, hainbat politikariren pazientzia agortzen ari da, Pradales lehendakariaren adierazpenetan agerian geratu den bezala: «AHTa etsipen-fasean sartzen ari da, katak iristen ez direlako». Hori, edo lotura nondik egin jada erabakia hartua dute eta antzerkia eginez denon aurpegira barre egiten ari dira.

Zundaketa berriak egiten saiatzeko egokia duten uda sasoi honetan, STOP Zundaketak-AHTrik EZ Ekimenak berriz ere dei egiten die kalteturiko udal guztiei zundaketetarako ez baimenik ezta inongo erraztasunik eman ez dezaten, bai eta Itza, Sakana eta Goierriko biztanle zein lursailetako jabe guztiei ere, alarma-kasuetan, dagokien udalari eta Ekimenaren telefonoari (656711130) dei diezaieten, larrialdi-protokoloa azkar aktibatzeko.


Zundaketak geldi ditzagun! AHT GELDI DEZAGUN!

STOP ZUNDAKETAK- AHTrik EZ EKIMENA


Descubre más desde

Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.

Deja un comentario

Blog de WordPress.com.

Subir ↑

Descubre más desde

Suscríbete ahora para seguir leyendo y obtener acceso al archivo completo.

Seguir leyendo