ETXEBIZITZA ARITU SINDIKATUA / AHTgelditu! NAFARROA (Castellano)
AHT-ak, gainerako garraio makro azpiegiturak bezala (autobideak, aireportuak…), hiri handien hazkundea sustatzen du, landa eremuen kaltetan. Azken hauek dira desarrollismo kapitalistaren pagaburua, horiek baitira hazkunde errukigabearen ondorioak pairatzen dituztenak. Horrela, hirien zerbitzura dauden azpiegitura handien euskarri fisiko huts bihurtzen dira (garraioa, energia, baliabide hidraulikoak, datu-zentroak…) eta beren zaborren kokaleku. Aldi berean, nekazaritza eta abeltzaintza industrializatu, kutsatzaile eta prekarizatuen ekoizpenean espezializatzen dira, hiriguneei jaten emateko. Horren guztiaren ondorioz, modu kezkagarrian despopulatzen ari dira, bizi- alternatiba duinik ez dutelako. Gainera, ohiko trenaren desegiteak trenbidearen finantziazio faltaren ondorioz – gehienbat AHTra joateagatik-, lurralde-desoreka hori areagotu egiten du. Horrela, landa- eremuak mega hirien sakrifizio-eremu bihurtzen dira.
Espainiako erresuman historikoki, AHTaren garapena higiezinen pelotazo handien eskutik etorri da, espekulazioa helburu, geltoki berrien inguruan etxebizitza kopuru handiak eraikitzerakoan, gehienetan hirien erdigunetik urrun (Guadalajara, Cuenca, Tarragona,..), baina baita horien erdian ere, geltokiak lurperatuz eta lurzorua askatuz, erdigunean bertan etxebizitzak eraikitzeko (Valladolid, Leon,…). EHan kasurik deigarrienak hauexek dira: Iruñekoa, lehen ereduari erantzuten diona, eta Bilbo, bigarrenari. Iruñean, duela gutxi, Etxabakoizko geltokiaren UGPS berria onartu da, 11.500 etxebizitza berri eraikitzeko ahalbidetzen duena. Horrela, auzo hori Iruñeko jendetsuena bihurtuko litzateke, gaur egun dituen 5.700 biztanle izatetik 30.000 izatera pasatuz. Bilboren kasuan, lurpeko sarbideak kostatuko duen 800 milioi euro finantzatu nahi da Abandon azalera-eremu handi bat liberatuz eta luxuzko 1.000 etxebizitza baino gehiago eraikiz, inguru guztien gentrifikazio prozesua azkartuko litzatekelarik.

Etxebizitza berriak eraikitzeak ez du, berez, etxebizitza eskuratzeko arazoa konpontzen; aitzitik, okerrera egiten du, etxebizitza berri horien zati handi bat, adreiluaren lobbya aberasteaz gain, espekulatzeko erabiltzen baita, eta ez langile-klasearen bizileku-beharrak asetzeko. Etxebizitzaren arazoa konpontzeko, biztanleria hiri handietan metatzeko joera eten behar da, landa-eremuetan bizi-alternatiba duinak ahalbidetuz. Baita, gaur egun hutsik dauden etxebizitza guztiak berreskuratu eta birgaitu behar dira, behar handiena duten herritarren zerbitzura jartzeko. Era berean, espekulaziorako erabiltzen diren etxebizitzak (pisu turistikoak, jabe handiak, putre-funtsak…) nahitaez desjabetu behar dira. Ustezko «Interes orokorra» -eraikuntza lobbyaren interesa besterik ez dena- oinarri hartuta, AHTa inposatzeko laborantza-lurrik emankorrenak eta interes ekologiko handiko eremuak desjabetzen badira, ez al da interes orokor handiagoa bizilekua izateko herritarrek soldataren erdia baino gehiago erabili behar ez izatea? AHTa eraikitzeko erabiltzen den dirua edo 2008ko krisian bankuei oparitu zitzaiena eta oraindik itzuli ez dutena – nahiz eta gaur egun irabazi ikaragarriak izan – hori guztia ordaintzeko erabil zitekeen. Eta, jakina, etxebizitza-sindikatuek eskatzen dituzten neurriak aplikatu beharko lirateke: etxegabetzeak zein etxebizitza espekulazio-helburuz erabiltzea debekatzea, eta alokairuak nabarmen jaistea, mugagabeak izatera behartuz.
AHTa bezalako azpiegitura handien eraikuntzaz aberasten den kapital handia eta egungo garapen urbanistiko zoroarekin zein etxebizitzaren merkatuaren espekulazioarekin aberasten dena, kapital bera da. Ekonomiak herriaren zerbitzura egon behar du, eta ez kapital handiaren zerbitzura. Sistema ero hau gelditu!
ETXEBIZITZA ARITU SINDIKATUA
AHTgelditu! NAFARROA
Descubre más desde
Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.
Deja una respuesta