AHT Gelditu! NAFARROA
ISTRIPU TRAGIKO BERRIA ESPAINIAKO HANDIAN. ETA EZ DA IZANGO EZ LEHENA EZTA AZKENA ERE
Gaur, asteazkena, istripu tragiko berri bat izan da Urda herrian (Toledo), Renfeko AVE batek IRYO konpainiako AHT baten aurka talka egin duenean. Biak Madril eta Sevilla arteko ibilbidea egiten ari ziren. Horren ondorioz, testu hau idazteko unean, gutxienez 68 pertsona hil dira eta hamarnaka zaurituta daude – batzuk larritasun handienekoak. Istripua giza akats bati egotzi diote, oraingoz, eta alderdi politiko guztiek bertan behera utzi dute hauteskunde aurreko jarduera, VOXek izan ezik. Klase politiko osoak istripu tragikoaren aurrean gehien erabili duen hitza «atsekabea» izan da. Honaino teletipoen irakurketa hotza. Baina, ezbeharraren arrazoiak argituko dituen ikerketaren emaitzak ezagutu ez arren, duela 9 hilabete eskax 46 hilotz utzi zituen Adamuz (Cordoba) ko istripu haren harira esandakoa berrestera gatozkizue:
– KAPITALISMOAK GERO ETA AZKARRAGO JOATEKO DUEN BEHARRA
Abiadura handiko hipermugikortasun motorizatuaren beharra ezarri zaigu, «denbora irabazteko» ustezko arrazoiketarekin. Irabazten dugun ustezko denbora horrek ez dio onurarik ekartzen herri xeheari, aitzitik, produktibitatea handitzeko eta kontsumismoan oinarritutako aisialdia sustatzeko baliatzen da. Hori guztia hazkunde mugagabeko logika kapitalista baten barruan, planetaren mugak gainditu eta zibilizazioaren kolapsora eramaten gaituena.
AHTa da «denbora irabazteko» ahalegin etsi honen adibiderik esanguratsuena. Gainera, «irabazitako denbora» hori gezur borobila da hiri handietan bizi ez den jendearentzat, AHT logikatik kanpo dagoena. Galdetu diezaiotela bestela Erriberriko pertsona bati -adibide bat jartzeagatik-, Madrilera joateko lehenik Iruñeraino joan beharko lukeena AHTa hartzera, bere herritik berriro Madrilerako norabidean igaroz.
«Denbora irabaztearen» kontzeptu hori sakonki barneratu da herritarren zati handi batean. Zer beharra dago hain azkar joateko?
– ABIADURA HANDIAK KALTE HANDIAK DAKARTZA
Abiadura handian joateko, trazadurak ia zuzen-zuzenak dira, eta, beraz, lurraldearen suntsiketa izugarria da. Edozein oztopo orografiko gainditu egin behar da, eta horrek ingurumen-hondamena, materialen xahuketa eta ikusmen-inpaktu ikaragarriak dakartza.
Energia-kontsumoan ere hazkunde esponentziala eragiten du, energia-zentral, azpiestazio, linea elektriko eta abarren ezarpenarekin, kontsumo hori biziki murriztea eskatzen duen une historiko honetan.
Gainera, abiadura handiak arriskugarritasuna izugarri handitzea dakar, gaurko eta Cordoba zein Santiagoko istripuetan agerian geratu den bezala, 46 eta 80 hildakoekin, hurrenez hurren. Euskal Y- aren trazadura tuneletatik % 60 eta biaduktuetatik % 10 doala kontuan hartuta, imajinatzen al dugu horrelako istripu batek eragin ditzakeen heriotzen kopurua?
– ABIADURA HANDIAREN SEGURTASUNA MANTENTZEA EZ DA «ERRENTAGARRIA» Zenbat eta abiadura handiagoa, segurtasun-neurriak gero eta garestiagoak dira, eta etekin ekonomiko handiagoa lortzeko, segurtasun-neurri horiek erlaxatu egiten dira askotan. Eta are gehiago Espainiako estatuan, Txina ondoren munduko abiadura handiko sarea handiena duena, kontuan hartuta AEB, erresuma batua edo Canada bezalako herrialde batzuek ez dutela AHT kilometro bakar bat ere. AHTaren kilometro bateko mantentze-kostua 200.000 €-koa da urtean, eta 500.000 eurora irits daiteke tarte konplexuetan. Segurtasunaren erlaxamendu horren frogagarri, azken urteotan gorabeheren gorakada handia dugu, atzerapen ugari eragin dutenak. Arrazoi horrengatiko kalte- ordainak asko murrizten ari dira ADIFi eragiten zioten kostu ikaragarriengatik. Mantentze-lan falta hori dela eta, paradoxa batera iristen ari da: AHTak abiadura murriztu behar du toki askotan, istripuak ekidite aldera 100 km/h-ko langara ere iristen ez delarik.Segurtasun falta horren salaketa agerian geratu zen duela 9 hilabete Cordoban eta Katalunia Rodaliesetan izandako istripuen ondorioz trenbideetako langileek deituriko greban.
– ZERBITZUAREN LIBERALIZAZIOAK ARRISKUGARRITASUNA HANDITZEN DU 2021ean, abiadura handiko trena liberalizatu zen, operadore berriak sartuz: RENFEri gehitu zitzaizkion OUIGO frantziarra, IRYO italiarra -gaurko zein Cordobako istripu tragikoan inplikaturik- eta AVLO, RENFEren low cost zerbitzua. Konpainia horiek, inolako eskrupulurik gabe, bidaiari kopuru handieneko ibilbideetan baino ez dira sartu, ahalik eta etekin handiena lortzeko. Esan beharrik ez dago azpiegitura eraikitzearen kostua, inoiz berreskuratuko ez dena, ez dutela beraiek ordaintzen, guk baizik. Beti bezala, gastu publikoa enpresa pribatuen poltsikoentzat. Konpainia horiek kostuak murrizten dituzte etekinak handitzeko, eta horrek zerbitzuaren segurtasun-neurriak, kalitatea eta langileen lan-baldintzak okertzen ditu.- ETEKINEN OPTIMIZAZIOA, ISTRIPUAREN ATZEAN DAGOEN LOGIKA KRIMINALA
Istripu horren funtsa etekinen optimizazioan oinarritutako sistema bat da, langile klasearen, arpilaketa kolonialeko prozesuen mende dauden hegoaldeko herri globalen, emakume eta disidentzia sexualen eta, oro har, planetaren bizi-baldintzen gainetik. Makineria kapitalista ezin da gelditu, eta aurrera egindako ihesaldi suizidan, bidean aurkitzen duen oro akabatzen du. Ziurrenik, istripuaren erantzule diren enpresei -ADIF eta IRYO- errentagarriagoa izango zaie biktimen familiei kalte-ordainak ematea AHTaren segurtasuna hobetzea baino, eta, zer esanik ez, bai ekonomikoki bai sinbolikoki sistemarentzat oso errentagarria den azpiegitura bat desegitea baino. Ezinezkoa da istripuan hildako pertsonen bizitza ekonomikoki konpentsatzea, ezta kapitalismoak suntsitutako pertsonena eta naturarena ere. Diruak ez du inoiz bizitza itzuliko. Toledoko gaurkoa, nola Kordobako zein Santiagoko atzokoak ez dira istripu bat izan, kapitalismo gordina baizik.
SISTEMA ZORO HAU GELDITU! AHTAK ITO ETA HILTZEN GAITU!
Descubre más desde
Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.
Deja una respuesta