Lurre(z)ko ahizpen feminismo baten alde

(Castellano)(English)

Nekazal emakumeen manifiestua
Manifestu hau Leire Milikua eta Miren Amurizak itzuli dute euskarara.

Oharra: Emakume (eta ahizpa) kategoria erabiltzen jarraitzen dugu gure egungo errealitatean politikoki eragiteko oraindik baliagarria delakoan, nahiz eta sexu-genero sistemak markatzen duen binomioaz gaindi bizipen, ibilbide, ahalmen eta identitate askotarikoak ere bagaren (bollerak, transak…) eta horiek ere bildu nahian emakume* erabiltzen dugu.

· Araka ditzagun gure bazterrak liburuko oharra gure egiten dugu. Euskal Herriko Bilgune Feminista & Emagin (2021). LISIPE 11, SUSA ·


Manifestua: «Lurre(z)ko ahizpen feminismo baten alde»

Hemen gaude. Hemen gatoz.

Hemen gatoz, larrialdi klimatikoak eragindako tenperatura igoeren ondorioz, ia igarri ere egin ez dugun negu baten ondorengo martxoan; hemen gatoz, zeharkatzen gaituen guztiaren berri ematera.

Aurten Palestina da gure abiapuntua, ezinbestean. Hamarkadak daramatza espoliatua izaten, eta Israelgo Estatuaren genozidioa jasaten ari da azken hilabeteotan. Gazako biztanleria zibila bonbardaketen, gosetearen eta gaixotasunen biktima izaten ari da; horrela ere suntsitu daiteke herri bat, lurra eta elikadura burujabetza ukatuz. Mingarri zaigu Palestina: jasanezina da genozidioaren irudiak egunero ikustea eta gure bizitzekin ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzea. Su-etena exijitzen dugu; Palestina libre bat bertako biztanleentzat.

Haiengatik, Palestinako emakumeengatik*; okupazioari aurre eginez borrokan dihardutenengatik eta, ahal duten moduan, beren familiak eta komunitateak zaintzen dituztenengatik. Ingurukoentzat elikagaiak eta ur pixka bat lortzen saiatzen ari direnengatik; lurraren eta bizitzaren aurka deklaratutako gerra honetan, ondokoak babesteari utzi gabe bizirauten ari direnengatik.

Lurre(z)ko ahizpok,

garai nahasiak bizi ditugu, traktoradak dauzkagu kaleetan; landagunearen zati bat mobilizatu egin da eta protesten oihartzunak bete-betean seinalatzen du hiritik sortutako begirada paternalista eta kondeszendiente hori; landaguneak errelato jakin batera murriztu nahi dituen begirada hori. Apustu komunikatibo horri erantzuten dioten interesen jakitun gara, noski, eta kezkatu egiten gaitu sortzen duen nahasmenak. Zer da aldarrikatzen dena? Nork aldarrikatzen du? Nork aldarrikatu dezake eta nondik? Frantzian sortutako ‘Lurraren altxamenduak’ izeneko mugimenduaren manifestuan irakurri genuen, ekologia nekazaritzan oinarritua eta herrikoia izango dela edo ez dela izango. Zera gehitzen dugu guk: gure lehen sektorea, agroekologikoa eta herrikoia izango dela, edo ez dela izango. Laborariena izan dadin nahi dugu, eta ez agroindustriarena.

Eredu-aldaketa premiazkoa da. Bizitza, lurralde guztien kontserbazioa eta biodibertsitatea erdigunean jarriko dituen nekazaritza eredu bat behar dugu, janari osasuntsuarekin elikatuko gaituena, gaixotuko ez gaituena, eta bertan lan egiten duten pertsona guztien bizi-baldintza duinak bermatuko dituena. Proposamen agroekologikoaren barruan denok kabitzen garela sinesten dugu: modu orekatuan funtzionatzea dakar, gure ondasun naturalen mugak errespetatzea, sortzen eta kontsumitzen ditugun elikagaien bidez sare afektibo, soziokultural eta ekonomikoak eratzea; elikatzen duten pertsonen eta elikatuak direnen arteko balioespena eta elkar-zaintza dakartza.

Kokoteraino gaude kidea etsaitzat hartuarazten diguten gorroto diskurtsoekin; indarrik gabe uzten gaituzte elkarren aurka nahi gaituen sistema hau salatzeko. Denok gara ahizpak, eta errespetutik, zintzotasunetik eta elkarrenganako babesetik abiatuta landa-ingurune bizia eta plurala eraiki dezakegula uste dugu; guztiontzako lekua izango duen landa-ingurune bat.

Bien bitartean, garrantzitsua litzateke gure buruei nola elikatu nahi genukeen galdetzea, eta aurrean dugun janari-platerak berarekin zer izen, istorio eta bizitza dakartzan jakitea. Premiazkoa iruditzen zaigu elikagai horiek eskuragarri jartzen dizkiguten pertsonen lan-baldintzak duhintzea.

Jateak suposatzen duen guztia baloratzen ez duen sistema batean bizi gara eta erraz-erraz botatzen dugu janaria; erosketa orgatxoa mekanikoki betetzen dugu askotan, hartzen dugun elikagai bakoitzaren atzean zer dagoen pentsatu gabe. Baina guk ez dugu diskurtso kulpabilizatzaileetan erori nahi; ondotxo dakigu supermerkatuetara zer janari mota iristen den, modu kontzientean erosi eta kozinatzeko zenbat denbora behar den eta sistemak nola ahitzen eta prekaritzatzen gaituen.

Guk irudimenerako eskubidea aldarrikatzen dugu. Ez diogu imajinatzeari uko egin nahi, beste mundu posible batzuk desiragarri diren diskurtsoetan hartu nahi dugu parte. Desioaren politika berri bat nahi dugu; edozein gauza, edonoiz eta ahalik azkarren kontsumitzetik haratago joango den politika bat. Itxaropena sortzen duten diskurtsoak nahi ditugu, akademiei eta erdiguneei lotutako nagusitasun morala hausten dutenak.

Lurre(z)ko ahizpok, hementxe jarraitzen dugu sarritan kalera irten ezin izaten dugunok, protestatu ezin izaten dugunok. Hementxe ohe edo besaulki bati lotutakook, mugimendurik txikienik ere egiteko aukerarik gabe gaudenok. Hemen baztertuak; sentitzeko, egiteko edo esateko beste modu batzuk edukitzeagatik etiketatuak. Hemen diagnostiko psikiatrikoa izateagatik arbuiatu gaituztenok, desgaitasun bat izateagatik gutxiago kobratzen dugunok. Hemen harreman perbertso eta krudelen baitan tratu txarrak jasaten ditugunok. Hemen jarraitzen dugu, jakituria milenarioa izan arren, ikusezinak garenok. Hemen jarraitzen dugu gizarte matxista, kapazitista, edadista edota kuerdisten mandatuak ez betetzeagatik baztertu gaituzten guztiok; adinez nagusiegiak edo gazteegiak izateagatik, desgaitasunen bat edota buru-osasun arazoak edukitzeagatik ukatuak izan garen emakumeok*.

Eta, hala ere, geure anitzean, ahulgunez eta indargunez beteriko ingurune ugari aberasten jarraitzen dugu; egoteko, partekatzeko eta bizitzeko beste modu batzuk eraikitzen.

Lurre(z)ko ahizpok,

guk ez ditugu ahaztuko lantegietan, soroetan eta negutegietan, sasoika, lan egiten duten emakume* migratzaile guztiak; lanean ari diren bitartean hitz egiteko baimenik ez daukaten horiek guztiak. Ordainsari desberdinak jasotzen dituzte jatorriaren arabera eta, askotan, dagokien soldata kobratzeko bermerik ere ez dute izaten: produkziorik ez, soldatarik ez. Hori gutxi ez balitz, fruta hautatzen, txikitzen eta biltegiratzen dihardutenek, tenperatura baxuetan aritu behar izaten dute lanean, ordutegi aldakorrekin, gaueko txandekin… Familia-kontziliazioa oso zail egiten dute baldintza horiek guztiek, are gehiago udaldian, haurrek eskolarik ez daukatenean.

Lurre(z)ko ahizpok,

guk poza ekarri nahi dugu manifestu honetara. Horrexegatik aldarrikatzen ditugu gure bizilagunak: gure herrietako kaleetan berriketan gelditzen diren emakumeak*, beren aulkiak atarira ateratzen dituztenak, sutontzia eta otorduak partekatzen dituztenak; beti hor egoten direnak, komunitatea saretzen dutenak. Denontzako bizitza duina nahi dugu, bizi garen tokian bizitzearen poza eta zortea sentitzea; ingurukoez arduratzen diren emakumeengatik*, bakoitza den modukoa izanda errespetatzen duten emakume* horiengatik guztiengatik. Ez dezagun elkar epaitu eta egon gaitezen behar duenaren ondoan, batzuetan, guk geuk ere, laguntza behar izaten dugula ahaztu gabe; sendotasuna eta zaurgarritasuna denoi dagozkigun ezaugarriak baitira.

Etorkizunari begiratu eta bertan ikusi nahi dugu gure burua, besterik gabe. Baina, horretarako, oinarrizko zerbitzuak behar ditugu, kultur-eskaintza hirietara eta jaiegunetara ez mugatzea behar dugu. Gure herriak ere kultura dira. Bila ditzagun molde propioak, formula propioak!

Landaguneak artikulatzen jarraitu ahal izateko, ezinbestekoa da zenbait espazio mantentzea: liburutegiak, ludotekak, antzokiak, filmak proiektatzeko aretoak… Transformatzen diren espazioak; elkarbizitza ahalbidetzen dutenak, elkarrizketarako eta komunitatearentzako espazioak direnak.

Hemen izendatu egiten dugu, hemen inoiz baino elkartuago sentitzen gara. Hemen aurre egiten dugu, hemen konpartitu egiten ditugu gure beldurrak, hemen alde batera uzten dugu isiltasuna. Bizitzeko modu asko daudela aldarrikatzen dugu; ruralitate mota asko daudela, dialogatzen dutenak, ikasten dutenak, zaintzen dutenak, harrera egiten dutenak. Lurre(z)ko ahizpen territorioak, alegia; feminismoz eta aniztasunez beteak, agroekologiaz, herri zapalduekiko elkartasunez, memoriaz, interdependentziaz, elkarrekiko laguntzaz, itxaropenez eta alaitasunez.

Guztiontzako feminismo baten alde,

lurre(z)ko ahizpen feminismo baten alde.

* Kartela Iraia Okinak egin du. Hemen deskarga dezakezue.

** Manifestu hau Leire Milikua eta Miren Amurizak itzuli dute euskarara.

***Manifestu hau Miren Amurizak irakurria izan da. Hemen entzun dezakezue.

**** (Manifestu hau Blanca Casares, Colectivo Arterra, Jornaleras de Huelva en Lucha, Lareira Social, Leire Milikua, Lucía López Marco, María Montesino, María Sánchez eta Patricia Dopazoren lanari esker idatzi da. Hermanas de tierra M8rako manifestu bat da, María Sánchezek eta Lucía López Marcok 2018tik hona bultzatu dutena).

Deja un comentario

Blog de WordPress.com.

Subir ↑